NAIZ
GASTEIZ

Kutsatzeak prebenitzeko dekalogo bat prestatu dute Eudelek eta Lakuako Osasun Sailak

Eudel EAEko Udalen Elkarteak eta Lakuako Osasun Sailak udalerrietan covid-19aren kutsatze komunitarioak prebenitzeko dekalogo bat osatu eta udalerrietara bidali dute. 

Bi emakume, musukoa jantzita, Errenterian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Bi emakume, musukoa jantzita, Errenterian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Ostegun honetan bidali zaie dekalogoa alkate guztiei. Bertan, antolakuntzari buruzko jarraibide orokor batzuk ematen dira, udalen jardun zuzena orientatu eta indartzeko, betiere, herritarren eta udalerriko eragile sozialen inplikazioa kontuan hartuta.

Neurrien zerrenda batez ere udara begira eginda dago, festak edota baimen gabeko jarduera oro egitea eragozteko, jende pilaketak eragin baititzakete, eta, ondorioz, epidemiari eusteko ezarritako osasun betebeharrak eta neurriak ez betetzea eragin.

«Dokumentu honekin, Eudelek eta Osasun Sailak agerian jartzen dute udalek, gizartearengandik hurbil egonik, egiten duten lana zer garrantzitsua den jendea kontzientziatzeko eta erantzukizun indibiduala nahiz kolektiboa eskatzeko, autobabesari eta kutsatzeak hedatzearen prebentzioari dagokienez», adierazi dute.

Gomendioak udalerri bakoitzaren berezitasunetara egokituko dira, tokiko autonomia oinarri hartuta, eta, betiere, eboluzio epidemiologikoari erantzuteko une bakoitzean indarrean dagoen araudia errespetatuz.

Dekalogoa

Horrela, dekalogoak gomendatzen du ospakizunek edo pertsonen pilaketek covid-19a transmititzeko dakarten arriskuaren berri ematea hiritarrei jakinarazpen publiko guztietan, eta herritar guztien erantzunkidetasuna aipatzea.

Halaber, jai edo ekitaldien programa ofizialak egitea ekiditea eta jai ekitaldiak zabaltzeko kartelak edo bestelako bitartekoak ez sustatzea eskatzen du, bai eta konpartsak, blusen eta nesken kuadrillak, lagunarteak, taldeak, ostalaritza, kirol taldeak eta gizarte eragileak jaiak edo ekitaldiak ez antolatzeko eta ez ospatzeko inplikaraztea ere.

Edukiera eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoak kontrolatzeko moduko kultur edo entretenimendu jarduerak eta ikuskizunak egiteko aukera baino ez ematea eta, horretarako, hori guztia betetzeko neurriak ezartzea eta, bestela, ekitaldia etetea aurreikusita izatea gomendatu diete Eudelek eta Osasun Sailak udalei.

Gainera, ikuskizunetarako, txosnetarako, salmenta gune ibiltarietarako edo antzekoetarako espazio pubikoa erabiltzea eragoztea eskatu dute, baldin eta haietan segurtasun neurriak betetzen direla bermatu ezin bada. Ostalaritza ixteko ordutegiak betetzea eta, hala, taldekatzeak eta alkohola beste espazio publiko batzuetan kontsumitu daitezen eragoztea ere eskatu diete.

Udalerrian arrisku gehien duten eremuak eta pertsonen bilkurak dituzten ordutegiak identifikatzea, prebentzio neurriak izatea, pertsonen zirkulazioa antolatzea eta espazioak pertsonen arteko segurtasun distantzia gorde ahal izateko moduan banantzea edo sektorizatzea aholkatu dute.

Halaber, txoko, sozietate gastronomiko, gazteen aisia lokal eta erabilera publikoko titulartasun pribatuko espazioei ordutegiak eta araudia bete behar dituztela gogoraraztea eta betetzen dituztela zaintzea gomendatu diete.

Gainera, prebentzio neurriak ezartzea aholkatu diete, baldin eta sare sozialen bidez deialdi jendetsuak egiten direla jakiten bada, besteak beste, barrera mekanikoak jartzea eta horiek ez ospatzeko zaintza ezartzea; egun zehatzetan udaltzainen eta Ertzaintzaren presentzia areagotzea, indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzeko.

Azkenik, udalerritik kanpo pertsona pilaketa handia egon daitekeelako susmorik badago, disuasio neurriak aktibatzea eskatu diete, besteak beste, ibilgailu partikularren eta garraio kolektibo publiko eta pribatuen sarbidea zailtzea.