Udako Unibertsitateak antolatu ditu EH Baik abuztuaren bukaeran Uztaritzen

Hurrengo ikasturte politikoaren atarian Udako Unibertsitateak prestatu ditu Euskal Herria Baik. Agorrilaren 28tik 30era iraganen dira jardunaldiak Uztaritzen eta mugimendu politikoak nabarmendu duenez, «denen artean egungo egoeraz gogoetatu eta ondoko urteetako perspektibak marraztea» da gomita horren helburua.

NAIZ|16/07/2020
Mario-zubiaga
Mario Zubiaga, Gure Eskuko kide eta EHUko irakaslea, izango da hizlarietako bat. (Gorka RUBIO/FOKU)

Heldu den agorrilaren 28, 29 eta 30ean Uztaritzen iraganen dira Euskal Herria Baik antolatu dituen Udako Unibertsitateak.

Udako Unibertsitateetan hainbat jende erreferenteren mintzaldiak eta gai ezberdinen gaineko tailer-eztabaidak konbinatuko dituzte.

Agorrilaren 28an, goizeko 9.30ean hasirik, Mario Zubiaga Gure Esku mugimenduko kide eta EHUko irakasleak mugimendu abertzalearen estrategia elektorala eta aliantzak izanen ditu hizpide. Ondotik, 15.00etatik goiti, «Estatuaren parean nola aitzina egin gure herri borroketan?» galderari erantzuten saiatuko dira parte-hartzaileak.

Egunaren bukaeran, 19.00etan, Xavier Antich Kataluniako Omnium Cultural erakundearen batzorde nazionaleko kidea mintzatuko da. Katalunian azken urteetan izandako ibilbidea eta ondoko urratsak azalduko ditu, bereziki autodeterminazio eskubidearen aldeko mobilizazio herritarrean arreta jarriz.

Biharamunean, agorrilaren 29an, goizeko 9.30ean, Aurelie Trouve ATTAC-eko bozeramaleak hartuko du hitza, esparru politiko-instituzionala eta herrigintzaren arteko artikulazioaz gogoeta eskainiz.

Bazkalondoan, koronabirusaren krisiak eragin egoeraren diagnostikoa eginen dute unibertsitateetan izanen diren militanteen artean.

Arratsaldeko 19.00etan Jean-Guy Talamoni Korsikako Legebiltzarreko presidenteak hitz eginen du. «Covidaren biharamunak: nolako neurriak ondorengo mundua berreraikitzeko?» galderatik abiatuko da militante eta arduradun korsikarra.

Azken egunean, sistema neoliberala gainditzeko borrokak eta alternatiba dinamikak indartzeko gogoetarako tartea hartuko dute. Ondotik, zintzur bustitzea eta bazkaria izanen dira Udako Unibertsitateei bukaera emateko.

 

NAIZ KONTZERTUAK
Loading player...


Bederatzi talde, bost Euskal Herriko areto... Denboraldi honetako NAIZ Kontzertuen unerik onenak.