NAIZ

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak euskara garatu eta aztertzeko lankidetza berritu dute

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak bi erakundeek duten lankidetza 2020rako berritu dute. Besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegian eta Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoan parte hartzea, eta Onomastika zein Toponimiako lanak bultzatuko dira.

Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindiaren arteko bilararen irudia. (navarra.es)
Nafarroako Gobernua eta Euskaltzaindiaren arteko bilararen irudia. (navarra.es)

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak berritu egin dute 2020rako bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmena. Helburua euskararen garapena, azterketa eta ikerketa normalizatzea eta horretan laguntzea da.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, Euskaltzaindiak garatuko dituen proiektu eta lan hauek diruz lagunduko ditu: Euskaltzaindiaren Hiztegiaren eta Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren 2020 programan parte hartzea eta Onomastika zein Toponimiako lanak egitea. Baita Euskaltzaindiaren XXIII. Jagon Jardunaldiko lanak Jagon bilduman argitaratzea, eta Joakin Lizarraga idazlearen lexikoa ikertzea eta aztertzea ere. Foru Gobernuak 169.000 euro jarri ditu horretarako.

Duela mende bat baino gehiago, 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zen Nafarroako Foru Diputazioa. Ordutik, bi erakundeen arteko harremana mantendu da, ekimen kultural eta akademikoak gara ditzaten.

Parlamentuak ere hitzarmena berritu

Nafarroako Parlamentuak ere Euskaltzaindiarekin duen hitzarmena berritu zuen pasa den astean. Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko presidenteak, eta euskaltzainburu Andres Urrutiak bi erakundeen arteko hitzarmena sinatu zuten.