NAIZ
DONOSTIA

Donostiako Piratek manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako

Datorren larunbatean, hilak 8, Donostiako Aste Nagusia hasi behar zen egun berean, jai herrikoien alde egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute Piratek (12.00etan, Gladys Enean). 

Sare sozialetan argitaratutako mezu batzuekin iragarri dute Donostiako Piratek heldu den larunbatean, abuztuak 8, Gipuzkoako hiriburuko Aste Nagusia hasi behar zen egun berean, jai herrikoien aldeko manifestazioa egingo dutela. 

Eguerdiko 12.00etan jarri dute hitzordua, Gladys Enean. 

Salatu dutenez, «Donostiako Udalak ez du prestutasunik azaldu auzoetako jaiak antolatzeko, egoerari aurre egin eta moldatzeko herritarren saiakerei oztopoak baino ez dizkie jarri».

Horregatik, Piratek auzoetako jai batzordeekin eta Teknikariok sindikatuarekin bat egin eta jai herrikoi eta parte-hartzaileak aldarrikatuko dituzte larunbatean.

Hori baino lehen, asteazkenean, hilak 5, aurtengo ekimenak aurkeztuko dituztela ere ohartarazi dute, beren sareei adi egoteko deia eginez.

Egoera berezi honen harira, Eneko Goia jeltzalea buru duen Udalak jaiak bertan behera uzteko erabakiaren berri eman zuen egunean bertan, Piratek ohar bat kaleratu zuten. Bertan, Udalaren jarrerarekiko oso kritikoak ziren, prozesu guztiaren berri prentsaren bidez jaso zutelako eta jaiak bertan behera uzteko erabakia «aldebakarrekoa» izan zelako.