NAIZ
IRUÑEA

Amaiurko gaztelua ardatz, arkeologia-zentroan

Amaiurren udan eraikitako arkeologia zentroan gazteluari buruzko erakusketa museografiko iraunkorra eta azken 15 urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek gazteluan egindako indusketa-lanetan berreskuratutako material arkeologikoak daude ikusgai.

Zentroan ikusgai dagoen ezpata.
Zentroan ikusgai dagoen ezpata.

Aranzadi Zientzia elkarteak sustatutako Amaiur arkeologia-zentroak gazteluari buruzko erakusketa museografiko iraunkorra eta bertan topatutako aztarna arkeologikoak biltzen ditu. Udalerriko kale nagusiko oinetxe bateko beheko solairua dago eta 150 metro koadroko azalera du. Horietatik 115 metro erakusketarako izango dira. Azken hamabost urteotan Aranzadi Zientzia Elkarteko talde batek gazteluan egindako indusketa-lanetan berreskuratutako material arkeologikoak daude bertan ikusgai. 

Gazteluaren lehen aipamenak

Amaiurko gazteluaren inguruko lehen aipamenak XII. mendekoak dira. Ondorioz, erakusketa honetan Erdi Aroko gaztelu hura nolakoa zen ikusi ahal izango da: dorre nagusia, ur-tanga, bost dorre zituen lehen harresiarekin inguratuta, eta bi dorre zituen bigarren harresia. Erakusketa horretan, beira-arasetan aztarna metalikoak izango dira ikusgai, hala nola gezien eta balezten puntak, soldaduen jantzietako apaingarriak, ontzien pusketa zeramikoak eta egurrezko egituretako iltzeen hondarrak.

Gainera, lantza baten punta handi bat edo txanponak ikusteko aukera ere izango da. Horrek guztiak Erdi Aroko gaztelu hura babestu zuten soldadu-taldeen eguneroko bizitzaren inguruko irudia erakutsiko digu. Gehienetan, 20 soldadu baino gutxiagokoa izaten zen taldea, baina gatazka belikoko uneetan, guarnizioko kide kopurua nabarmen handi zitekeen.

Amaiurko ezpata ikusgarria

Nafarroako konkistaren garaian, 1512 eta 1522 artean, gaztelua handitzeko lan handiak egin zituzten eta, lan haiei esker, bi kubo handi atxiki zituzten plataformekin kanoiak bertan jarri eta, hala, artilleria-erasoei aurre egin ahal izateko, ohar bidez azaldu dutenez.

Beira-arasetan ikusgai daude gazteluko hainbat tokitan berreskuratu dituzten jaurtigaiak, burdinazko bola trinko handiak (bakoitza 14,15 kilokoa). Bestalde, nabarmendu beharrekoa da burdinazko xaflekin blindatutako ate baten kopia. Baina, zalantzarik gabe, piezarik ikusgarriena ‘Amaiurko ezpata’ izenekoa da. Ezpata garai hartako objektuen eta jaurtigaien pusketekin batera aurkitu zuten. Orain erakusketako beira-arasetako batean dago ikusgai.

Amaiurko erakusketa-zentroko azken blokea memoria izenekoa da. Atal horretan, gazteluan 1522. urtean gertatutakoa mendez mende nola kontatu izan duten ikus daiteke. Horregatik, nabarmendu beharrekoa da Amaiurko gaztelua dela gaur egun Nafarroako Foru Komunitatea osatzen duen lurraldean konkistatzaileei aurka egin zien azkena. Uztailaren 19an amaitu zen erresistentzia, eta abuztuaren 11n erabilezin bihurtu zuten leherketarako minen bidez.

Gertakari horiek guztiak belaunaldiz belaunaldi kontatu izan dira azken mendeotan. Kontakizun horrekin lotuta, 7 metroko luzera duen beira-nasa handi bat nabarmendu du Aranzadik. XVII., XVIII., XIX. eta XX. mendeetako jatorrizko argitalpenak daude horietan ikusgai. Argitalpen horien bidez, ikuspegi ezberdinetatik zabaldu izan den idatzizko memoriari buruzko memoria egiteko aukera izango du ikusleak.

Arkeologia-zentroa Baztan bailarako aisialdi kulturaleko erreferentzietako bat eta Amaiur hiribildura edo gazteluko aztarna musealizatuetara egindako bisita osatzeko ezinbesteko elementutzat goraipatu dute inaugurazioan.

Arkeologia-zentroa Amaiurko kale nagusian dago eta bere ordutegia 10.00etatik 14.00etara, eta 16.00etatik 19.00etar izango da. Aukera ederra gertuko inguruak hobeto ezagutzeko bizi ditugun garaiotan.