Gasteizeko bi igerileku hustuarazi ditu gaur abiatutako sorosleen grebak

Sorosleen grebak deialdi zabala izan du Gasteizen, eta horren ondorioz bi igerileku hustu behar izan dituzte eguerdian: Mendizorrotza eta Gamarra. Ehun bat sorosle eta begiralek Udalak ezartzen dizkien baldintzak salatzen ditu era honetan.

NAIZ|10/08/2020
Igeri
Kirol arloko langileak, herritarrei atxekimendua eskatzen. (ELA)

Gasteizko Mendizorrotza eta Gamarra udako igerilekuen funtzionamendua gelditu egin da gaur goizean, kirol arloko langileek 12etatik 14tara egindako grebaren ondorioz. Honela onartu du Udalak, sorosle gehien-gehienek protestarekin bat egin dutela onartuz.

Bere datuen arabera, 15 dira Mendizorrotzan dihardutenak eta 17 Gamarran, eta toki bakoitzean bat bakarra gelditu da lanean.

Udakoak ez diren gainerako igerilekuei ez die eragiten greba deialdiak.

Atsaldean ere lanpostua utziko dute, 17.00 eta 19.00ak bitarte.

ELAk laburbildu duenez, ehun bat sorosle eta begiralek Gasteizko Udalak ezartzen dizkien baldintza gero eta eskasagoak salatzen ari dira era honetan, eguneroko lau orduetako lanuzteekin. Mugarik gabekoa da protesta; hauxe lehenengo eguna besterik ez da.

«Covid-19ak gaur egun sortu duen egoera dela eta, Gasteizko Udalak osasunaren aldetik askoz haratago doazen murrizketa batzuk egitea proposatzen ari da, beti ere zerbitzu honen 100 langileen kalterako», gogoratu du sindikatuak.

Ezarritako murriztekek zerbitzuari kalte egiten diotela nabarmendu du. Eta horrekin batera, «langileek bere bizi-baldintzak ere defendatu behar dituzte. Borroka honetan parte hartzeko eskatzen diegu herritarrei. Azaldutako murriketek langileei ez ezik, ikastaroen eta kirol-instalazioen erabiltzaile guztiei ere eragiten diete», adierazi du ELAk.