Arnaitz Gorriti

Jumboren lanak bikain errematatu dituzte Van Aert eta Bennettek

Strade Bianche eta Milano Sanremo irabazi berri dituen flandriarrak eraman du Dauphine Kriteriumeko aurreneko etapa, kontrol lanean bere taldeak egin duen lan bikaina errematatuz. Roglic eta Dumoulin liderrek ere bere alde egin dute lan. «Gran Piemonte» proban, George Bennettek talde nagusiari hanka eginda irabazi du.

Wout Van Aertek errematatu du bere taldearen kontrol lan aparta. (Anne-Christine POUJOULAT / AFP HOTO)
Wout Van Aertek errematatu du bere taldearen kontrol lan aparta. (Anne-Christine POUJOULAT / AFP HOTO)

Gutxien axola duena Dauphine Kriteriumeko aurreneko etapa Eput Van Aertek irabazi izana da, Strade Bianche eta Milano-Sanremo irabazi berri dituen txirrindulari berbera, edota Geirge Bennettek bere kirol bizitza profesionalean aurrenekoz egun bakarreko lasterketa bat irabazi izana, «Gran Piemonte» proban gailendu ostean. Askoz garrantzitsuagoa izan da garaile biak Jumbo-Visma taldekoak direla ikustea eta nola proba bietan, Dauphine Kriterioan batez ere, Jumbo.Vismak erakutsitako sendotasuna eta lider izaera. Etapak kontrolpean eraman dituzte uneoro, eta nahi izan dutenean erasoa jo eta eraman dituzte.

Esaterako, Estatu frantseeko errepideetan, Van Aerten alde lan egiteaz gain, gainontzeko taldeei erakutsi die beraiek direla Dauphine Kriteriuma irabazteko faboritoak, ez Van Aertekin, noski, Primoz Roglic esloveniarrarekin baino.

Egia da Saint Christo-en Jarezeko helmugan Jumbo-Vismakoen arerio nagusi den Egan Bernal kolonbiarrak, etapa hirugarren amaitu duelako, lau segundoko gainsaria eskuratu duela. Hala ere, Roglicek erakutsi duen lider izaerak eta Tom Dumoulinek eman duen maila urtebete pasa bizikletara igo ezinik pasa ostean, harritzekoa izan da. Azken bi kilometroetan izan diren erasoei, batez ere Rigoberto Uran kolonbiarrak jotakoari, beraiek erantzun diete, morrontza lanari muzin egin gabe.

Harritzekoa, edo agian, larritzekoa, aldiz, Chris Froome atzean geratzen ikustea izan da, bestalde. Kenian jaiotako britainiarrak ez omen du oraindik lekurik bermatu hilaren 29an hastekoa den Tourrean eta Dauphineko aurreneko etapan, teorian bost egunotako etaparik errazenean, tropelarekiko atzean geratzen ikusteak alarma gorri guztiak piztu ditu. Jonathan Castroviejo taldekikde getxoztarra ondoan duela ia bost minutu eta erdira helmugaratu da lau Tour, Vuelta eta Giroa irabaztea zer den dakien britainiarra azken lau kilometroetan hanka altxa beharrean suertatu da, tropelaren erritmoa jarraitu ezinda. Hurrengo etapak askoz gogorrago izango direla aintzat hartuta, lan txarrak Froomentzat.

Euskal txirrindulariak, aldiz, tamainan. Mikel Landa, Pello Bilbao, Gorka Izagirre eta Romain Sicard aurreneko taldearen denbora berean helmugaratu dira, baina ikusi egin behar Landa gai den Jumbo-Vismak ezarritako maila hori emateko.

Dauphine Kriterioa, aurreneko etapa:

1. Eput Van Aert (Jumbo)    5h27:42
2. Daryl Impey (Mitchelton)    d.b.
3. Egan Bernal (Ineos)    d.b.
4. Alejandro Valderde (Movistar)    d.b.
5. Tadej Pogacar (UAE)    d.b.
6. Alexey Lutsenko (Astana)    d.b.
7. Sergio Higuita (E. First)    d.b.
34. Mikel Landa (Bahrain)    d.b.
41. Romain Sicard (D. Energie)    d.b.
48. Gorka Izagirre (Astana)    d.b.
50. Pello Bilbao (Bahrain)    d.b.
82. Victor De la Parte (CCC)    3:10era
87. J. Castroviejo (Ineos)    5:23ra
127. Omar Fraile (Astana)    14:57ra

Bennetten erakustaldia

Esan gabe doa George Bennett ez dela Jumbo-Vismako liderra normalean, baina Burgosko Itzulian Picon Blancora igoeran erakutsi zuen Evenepoel bakarrik zuela aurretik. Hala, errazago ulertzen da «Gran Piemonte» proban, Italiako ipar mendebaldean, Zelanda Berriko 30 urteko txirrindulariak lortu duen balentria.

Erasoa erasoari lotuta egin dute Santo Stefano Belbotik Baroloko helmugara bitarteko 187 kilometroak. Zortzi kilometro eskas falta zirela jo du berea George Bennettek eta faboritoen tropela mila puska egin du. Hasteko, Ineoseko Gianni Moscon gurpilera iltzatu zaio, baina italiarra Morrako gainera iritsi aurretik lehentu da.

Ostean, Mathieu Van der Poel –Alpecin– ia iritsi da Bennetten gurpila harrapatzera. Une batez Ion Izagirren Van der Poelen gurpilean aurrerantz egiterik izango duela ere eman du, baina Astanako Ormaiztegikoa ezinean geratu da eta holandarrari, berriz, aldapa arinegi amaitu zaio, beheranzkoan Bennettek aldea ireki baitu ostera ere.

Hortxe lortu du egiaz garaipena Jumbo-Vismako txirrindulariak, 30 urte beteta dagoeneko, bere bederatzi urteko kirol bizitza profesionalean erdietsi duen hirugarrena.

Azken aldapa geratzen zitzaion artean Bennetti: Barolora igoera. Bitarte hortan 21 segundo ere izan ditu, atzetik zetozen txirrindulariak ados jarri ezinik izan baitira.

Ikusi ez duenak esango luke erraz irabazi duela Ozeaniako txirridulariak, baina bai zera. UAE taldeko Diego Ulissi gainera bota zaio azken metroetan eta garaipena ospatzeko betarik eta adorerik gabe ia sartu da helmugan George Bennet. Atzetik aurrera eginda, Alex Aranburu Astanako ezkiotarra seigarren iritsi da helmugara, irabazlearengandik lau segundo eskasetara. Ion Izagirre, berriz, hogeigarrena izan da.

Auskalo zer gertatuko den hurrengo asteetan, batez ere hilaren 29tik aurrera Tourra hasten denetik aurrera, baina martxa hontan jarraituz gero, ez da erraza izango Jumbo-Vismakoej nagusitasuna ezbaian jartzea.

Gran Piemonte, sailkapena:

1. George Bennett (Jumbo)    4h38:23
2. Diego Ulissi (UAE)    d.b.
3. M. Van der Poel (Alpecin)    4ra
4. Aleksandr Vlasov (Astana)    d.b.
5. Simon Geschke (CCC)    d.b.
6. Alex Aranburu (Astana)    d.b.
7. Dries Devenyns (Deceuninck)    7ra
8. Robert Stannard (Mitcchelton)    d.b.
9. Giulio Ciccone (Trek)    .d.b.
10. Attila Valter (CCC)    d.b.
11. Atwan Tolhoek (Jumbo)    9ra
12. Simone Petilli (Circus)    d.b.
13. Lorenzo Rota (Vini Zabu)    d.b.
20. Ion Izagirre (Astana)    26ra