NAIZ

Grigory Sokolovek bertan behera utzi du igandeko kontzertua

Grigory Sokolov piano-jotzailearen jarraitzaileak pozarren zeuden igande honetan Musika Hamabostaldian bertatik bertara entzun eta ikusteko aukera zutelako. Baina ostegun honetan jakinarazi dutenez, ez da Donostian izango.

Grigory Sokolov 2015eko irudian. (Martin FLECK)
Grigory Sokolov 2015eko irudian. (Martin FLECK)

Grigory Sokolov datozen egunotan Santanderren (abuztuak 14) eta Donostian (abuztuak 16) ematekoa zen kontzertuak bertan behera geratu direla jakinarazi dute, atsekabez, Santanderreko Nazioarteko Jaialdiak eta Donostiako Musika Hamabostaldiak.

Sokolov maisua bere Italiako egoitzara itzuli zen, espainiar Estatuan konfinatuta egon ondoren, bere Europako errezitalak emateari berriz ere ekiteko. Piano-jotzailea aste honetan zen bidaiatzekoa Santanderreko Jaialdian eta Musika Hamabostaldian jotzeko. Alabaina, atzo arratsaldean Gobernu italiarrak argitaratutako ebazpenak neurri berriak ezarri ditu espainiar Estatutik, beste herrialde batzuen artean, Italiara joaten diren bidaiarientzat. Hori dela-eta, pianista errusiarrak Italian geratzea erabaki du, Santanderreko eta Donostiako kontzertuak bertan behera utziz.

Hamabostaldiko Lagunek beren kontu korronteetan jasoko dute, zuzenean, kontzertu honen sarrerei dagokion zenbatekoa. Bestetik, Internet bidez sarrerak erosi dituzten erosleei zuzenean itzuliko zaie dirua. Azkenik, sarrerak leihatilan erosi zituzten pertsonak quincenamusical@donostia.eus helbidearen bidez edo 943 003170 telefonoaren bidez jarri beharko dira.