Haritz Larrañaga

Hendaiako aduanetako funtzionarioek erakustaldia egin dute Le Maire ministroarentzat

Frantziako Ekonomia eta Finantzen ministroa, Bruno Le Maire, Euskal Herrian izan da Hendaiako aduana brigadak egiten duen lana gertutik ikusteko. Biriatuko ordainlekuan ezarri duten kontrol baten bitartez erakustaldia egin dute eta iazko aurkikuntzen datuak eskaini dituzte.

Polizia frantsesa, Biriatuko ordainlekuan. (Guillaume FAUVEAU)
Polizia frantsesa, Biriatuko ordainlekuan. (Guillaume FAUVEAU)

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko pasabidean atzematen du Polizia frantsesak kalamu gehien. Estatu frantseseko mugetan poliziak aurkitzen duen kalamuaren %20 Euskal Herriko pasabideetan aurkitzen dutela jakinarazi dute Hendaiako aduanetako funtzionarioek. Horrez gain, 21 tona tabako eta 105 kilo kokaina antzeman ziren iaz Biriatuko pasabidean.  

Hendaiako aduana brigadak Biriatuko ordainlekuan egin duen erakustaldian hirurogei agentek hartu dute parte eta droga aurkitzeko entrenatuak dauden lau zakur ere erabili dituzte. Trafikatzaileek droga ezkutatzeko erabiltzen dituzten lekuak erakutsi dizkiote Le Maire ministroari eta kontrabandistek erabiltzen dituzten metodoen berri eman diote.

Iaz, 1.016 kilo marihuana, 3.832 kilo haxix, 105 kilo kokaina, 50 kilo anfetamina, 18 kilo estasi, eta 25 kilo ketamina atzeman zituen Hendaiako aduana taldeak Gipuzkoa eta Lapurdi arteko pasabideetan. Gainera, merkatu beltzeko 1.744.635 euro ere errekisatu zituztela azaldu dute.

Tabakoari dagokionean, iaz 21 tona atzeman zituzten. Aurten legea aldatu denez, deialdi berezia egin diete herritarrei arau berriak kontuan har ditzaten. Horrela, uztailaren 8an Estatu frantsesean ezarri zuten legearen arabera pertsona bakoitzak mugaren alde batetik bestera eraman dezakeen tabako kopurua lau bider txikiagotu da. Hau da, lehen 4 kartoi zigarreta eraman zitzakeen soinean pertsona bakoitzak, egun ordea, 10 pakete tabako dituen kartoi bakarra eraman dezake.  

Enpesentzat diru laguntzak

Le Maire ministroak Frantziako Gobernuak plantan ezarri duen suspertze planaren baitan ematen ari diren urratsak azpimarratzeko baliatu du Biriatuko bisita. Gauzak honela, koronabirusak eragindako krisi ekonomikoari aurre egiteko enpresa ertain eta txikientzako 3.000 milioi euroko laguntza plana aurkeztu du.

Aipatu plana, abuztuaren 25ean aurkeztuko dela iragarri du Le Mairek. Bere esanetan, egitasmoaren  helburua inbertsio enpresariala sustatzea eta Estatu frantsesaren etorkizuna prestatzea da,  «garapen ekonomikoa bi urtetan berreskuratzeko».