NAIZ
Azpeitia

Alde zaharreko tabernak itxi eta adinekoen egoitzetako bisitak eten ditu Azpeitiko Udalak

Koronabirusaren hedapena dela-eta, Azpeitiko Udalak neurri batzuk zorroztu behar izan ditu egoera kontrolatze asmoz. Horietariko bat da, alde zaharreko taberna guztiak ixtea. Ostalariekin hartutako erabakia izan dela adierazi du Azpeitiko alkate Nagore Alkortak. Eguneko zentroa ere itxiko dute eta zaharren egoitzetako bisitak bertan behera geratuko dira.

Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, neurri berriak jakinarazteko eginiko bideoan.
Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, neurri berriak jakinarazteko eginiko bideoan.

Azken 24 orduetan 13 kasu positibo antzeman dituzte Azpeitian. Abuztuaren 5etik 11ra bitartean zortzi kasu berri zituen udalerriak.

«Aspaldiko daturik txarrena» jaso dutela ziurtatu du Nagore Alkorta alkateak eta beraz, neurriak zorroztea erabaki dutela adierazi du sare sozialen bitartez hedatutako bideo batean. 

Foko berria alde zaharrean antzeman dutela jakinarazi du eta beraz, PCR proba egiteko deia luzatu nahi izan die abuztuaren 7, 8 eta 9an eremu horretatik ibili ziren pertsonei.

Zumarragako eta Azpeitiko anbulatorioetako koordinatzaileekin bilera izan dute ostiral eguerdian eta neurriak zorrozteko beharrean ikusi dira.

Nabarmentzekoa da ostalariekin eginiko bilera baten ostean erabaki dutela alde zaharreko taberna guztiak ixtea.

Bestalde, adinekoen babesaren inguruan, eguneko zentroa ere itxi egingo dute eta bertako erabiltzaileei zerbitzu hori eskainiko zaiela etxez-etxeko zerbitzuaren bitartez.

Era berean, zahar-egoitzetako bisitak bertan behera utzi dituzte, hala nola udaletxeko zerbitzuak ere, «egoera hobetu bitartean»; kiroldegia eta igerilekua, kasu.

«Momenturik gogorrenean aurkitzen gara, denok arduraz jokatzeko momentua da, herri bezala pentsatzeko eta prebentzio neurriak zorrotz aplikatzeko», ohartarazi du Azpeitiko alkateak.

San Inazio jaien datetan herrira ez bertaratzeko deia egin zuen Azpeitiko Udalak eta hori erreferentziatzat hartuta, herritarrei abisatu nahi izan die «egun konplikatu hauetan beste herrietara ez ateratzeko».