Arnaitz Gorriti

Portlandek eta Memphisek San Antonio Spurs NBAko playoffetatik kanpo laga dute

Texasko taldeak 1999 urteaz geroztik, 22 urte segidan jokatu ditu NBAko kanporaketak eta bost eraztun eskuratu ditu. Damian Lillarden 42 puntuek zortzigarren laga dute Portland eta garaipen bakarra aski du Memphisen aurka playoffak jokatzeko. Grizzliek Milwaukee gaindituta, Portlandi birritan irabazi behar dio kanporaketetan sartzeko.

Damian Lillard eta Carmelo Anthony, Portland Trailblazers zaleei gozatu arazten. (Kevin C. COX / AFP PHOTO)
Damian Lillard eta Carmelo Anthony, Portland Trailblazers zaleei gozatu arazten. (Kevin C. COX / AFP PHOTO)

NBAko Fase Arregularra amaitzear da eta hilaren 17tik aurrera kanporaketak hasi aurretik, Mendebaldeko Konferentziako zortzigarren taldeas zein izango den argitu beharko da: Portland Trailblazers edo Memphis Grizzlies. Oregon estatuko taldeak 133-134 irabazi dio azken jardunaldian Brooklyni eta zortzigarren postuan amaitu du 35 garaipenekin.

Azken jardunaldi honek titular asko laga ditu, baina batez ere playoffetan San Antonio Spurs ez ikustea izango da. 1999. urtetik aurrera, urtero jokatu dituzte titulurako kanporaketak Greg Popovichen gizonek, baoita bost eraztun irabazi ere 1999, 2003, 2005, 2007 eta 2014. urteetan, baina aurten Mendebaldeko hamaikagarren postuan geratu dira, 32 garaipenekin.

Izan ere, Trailblazersek sasoi bikaina harrapatu du NBAren itzulera hontan, batez ere Damian Lillard antolatzaileak. Azken jardunaldian, bezperan 61 putu saskiratu ondoren, 42 «bakarrik» lortu ditu Portlandeko izarrak. Oregonekoek bere eskuan zuten playoffetarako giltza, baita ederki probestu ere, nahiz eta Brooklyn hiru minuturen faltan aurretik izan.

Damian Lillard ez ezik, CJ McCollumek ere lan aparta egin du. 25 puntu saskiratu ditu, tartean markagailua 130-134 ezarri duen saskiratzea, minutu baino gutxiagoren faltan. Hala ere, Netsek ia buelta eman dio markagailuari eta partida irabazteko jaurtiketa ere izan du, baina Caris LeVert hegalekoak –37 puntu eta 9 asistentzia berarentzat– huts egin du azken jaurtiketan.

Aurkia eta ifrentzua

Portlandek baino partida bat gutxiago irabazita, Memphis Grizzlies taldeak amaitu du Mendebaldean bederatzigarren, eta play in delakora sailkatzea lortu du, Milwaukee Bucksi 119-103 irabazita. Hala, Oregon estatuko taldeari birritan irabazi beharko dio playoffetara sartuko bada.

Giannis Antetokounmpok atseden hartu du eta asko igarri du hori Milwaukeek. Alabaina, Grizzliek talde joko bikainari esker irabazi dute, ez inoren falta dela-eta. Hala Jonas Vanaciunas lituaniarrak «bikoitz hirukoitza» erdietsi du, alegia, 26 puntu, 19 errebote eta 12 asistentzia; Ja Morant taldekiak ere beste hainbeste lortu du: 12 tantu, 13 errebote eta 10 asistentzia.

Hala, play in delakora sartzea lortu du Tennessee estatuko taldeak. Kanporaketetara pasako bada, bi partida jarraian irabazi beharko dizkio Portlandi. Trailblazersek, berriz, garaipen bakarra nahikoa dute playoffetara sailkatzeko.

Alabaina, txanpon guztiek dute beren ifrentzua. Kasu hontan, Phoenix Suns. NBAri berrekin zaionetik jokatutako zortzi partida guzti-guztiak irabazi ditu, Devin Booker ikaragarri baten eskutik. Hala, 34 garaipenekin amaitu du Fase Erregularra; azken jardunaldian 128-102 hankapean erabili du Dallas Mavericks –egia da Luka Doncicek atsedenaldiaz geroztik ez duela jokatu eta Porzingisek jokatu ere ez duela egin–, Bookerren 27 punturekin.

Arizonako taldea aurten ere playoffetatik at geratuko da; izan ere, 2010az geroztik ez da azken kanporaketetarako sailkatu.