Asier AIESTARAN

Lennard Kämna alemaniar gazteak irabazi du Dauphineko laugarren etapa gora-beheratsua

Istripu eta gertaeraz betetako jardunaldi batean, 23 urteko txirrindularia izan da eguneko ihesaldi jendetsuko gizonik indartsuena. Bernal eta Buchmann etxera joan dira, eta Mikel Landaren taldea lasterketa apurtzen saiatu da.

Kamna, Megeven garaipena ospatzen (Eddy LEMAISTRE / AFP)
Kamna, Megeven garaipena ospatzen (Eddy LEMAISTRE / AFP)

Lennard Kämna alemaniarrak (Bora) irabazi du Dauphineko laugarren etapa, istripu eta gertaeraz betetako jardunaldi batean. 23 urteko txirrindulari gaztea izan da eguneko ihesaldi jendetsuko gizonik indartsuena, Megeve gaineko helmugatik hiru kilometrora erasoa jota, David de la Cruz (UAE) eta Julian Alaphilippe (Deceuninck) atzetik zituela.

Oilarren arteko lehian, aldiz, ez da tarterik izan, baina sailkapenak aldaketa nabarmenak izan ditu, lesio eta erorikoen erruz. Lehenik Egan Bernal izan da lasterketa uztea erabaki duena: kolonbiarrak bizkarrean min omen du eta irteera ez hartzea erabaki du. Eta ondoren Emanuel Buchmann, nagusian hirugarren zegoen ziklista, izan da eroriko baten erruz lasterketari agur esan behar izan diona.

Primoz Roglic liderra ere lurrera joan da, eta kolpe ederra hartu duen arren aurrera egitea erabaki du. Eslobeniarrak lider jarraituko du, onenen artean ez baita tarterik egon, nahiz eta Mikel Landa lasterketa mugitzen saiatu den.

Azken aurreko mendatean, Montee de Bissone luze eta gogorrean, Bahrain oso indartsu tiratzen jarri da, faboritoen multzoa apurtu nahian. Sailkapen nagusiko gizon indartsu asko atzean uztea lortu dute, baina Roglic ez, eta Jumboko taldekideek lan bikaina egin dute tropeltxoa berriz ere batzeko.

Azkeneko bi mendateen artean, ordea, kilometro asko zeuden eta Bahrainen saiakerak ez du jarraipenik izan. Mikel Landak ez du erasorik jo azkenean, baina gogoz dagoela argi dago igandeko azken etapari begira. Arabarra laugarren dago sailkapen nagusian, 26 segundora. Bigarren Thibaut Pinot dago 14ra eta hirugarren Guillaume Martin 24ra.