Gure Zirkuak Arrasaten jarraituko du bira eta 15 emanaldi eskainiko ditu irailaren 25etik urriaren 11ra

Uztailaren 17an abiatu zuen Gure Zirkuak aurtengo bira, Orion. 13.000 ikusle baino gehiago bildu ditu Gure Zirkuak Orion eskainitako 43 emanaldietan, eta beste 600 Gozategi taldearekin elkarlanean egindako bi kontzertu berezietan. Ikusleen erantzunak bultzatuta, eta segurtasuna bermatu daitekeela ikusita, 2020ko birarekin jarraitzea erabaki dute.

NAIZ|15/09/2020
Gurezirkua
Gure Zirkuak aurrera egingo du birarekin. (@GureZirkua)

Joan den uztailaren 17an abiatu zuen Gure Zirkuak aurtengo bira, Orion, zailtasun eta ziurgabetasun handiko egoeran, eta taldeak aurtengo zituen asmo eta helburuak erabat zapuztuta.

«Halere, Orioko egonaldiak agerian utzi du posible dela covid-19ak eragindako egoeran ere emanaldiak modu seguruan eskaintzea eta aurreko urteetan bezala zirkuaz gozatzea», nabarmendu dute. 13.000 ikusle baino gehiago bildu ditu Gure Zirkuak Orion eskainitako 43 emanaldietan, eta beste 600 Gozategi taldearekin elkarlanean egindako bi kontzertu berezietan, «segurtasun osoz, testuinguruak ahalbidetzen zuen normaltasunaren barruan, eta inolako arazorik gabe».

Gauzak horrela, Gure Zirkuak 2020ko birari jarraipena ematea erabaki du, eta Arrasaten eskainiko ditu udazkeneko lehen emanaldiak, orain arte hartutako neurri eta erabaki nagusiei eutsita. Hain zuzen, osasun agintariek ezarri duten gutxieneko segurtasun distantzia betetzeko asmoz, Gure Zirkuak aurten Portugaldik ekarri duen karpa jarriko du Arrasaten: aurreko biretan erabilitakoaren halako bi da, banakako eserlekuak ditu, eta bizikidetza unitateen artean gutxieneko 1,5 metroko gutxieneko distantzia fisikoa errespetatzea ahalbidetzen du.

«Lakuako Gobernuak aginduak eskatzen duen moduan, garbiketa eta desinfekzio neurri egokiak hartuko dira emanaldi eta emanaldi artean. Halaber, testuingurua aldakorra denez, emanaldiak pixkanaka iragarriko dira, eta unean-uneko osasun egoeraren arabera erabakiko dira aurrera begirako urratsak», adierazi dute.

«Egokitzapen honek guztiak ahalegin gehigarria eskatu dio Gure Zirkuari hirugarren bira honi begira, baina eragozpenei aurre eginda eta Orioko esperientziak indarberrituta, ilusio handiz iragarri nahi ditu taldeak udazkeneko lehen 15 emanaldiak, Arrasateko Musakola auzoan eskainiko dituenak», gaineratu dute.

Irailaren 25ean 19.00etan izango emanaldia, eta irailaren 26an eta 27an 12.00etan eta 18.00etan. Urrian sartuta, hilaren 2an 19.00etan hasiko da emanaldia, 3an eta 4an 12.00etan eta 18.00etan, 9an 19.00etan, eta 10ean eta 11n 12.00etan eta 18.00etan.