Dabid Lazkanoiturburu

Trump suteen aurrean: «Lasai, azkenean hoztuko du»

AEBetako presidenteak, Donald Trumpek, Kaliforniara egin du bisita eta aldaketa klimatikoari baino «basoen kudeaketa txarrari» egotzi dizkio mendebaldeko kosta kiskaltzen ari diren sute ikaragarriak. Demokratak sutan daude. «Lasai, azkenean hoztuko du», erantzun die.

Kaliforniako August Konplexen sutea, airetik ikusita. (AFP)
Kaliforniako August Konplexen sutea, airetik ikusita. (AFP)

«Lasai, azkenean hoztuko du». Donald Trump AEBetako presidenteak hitz hauekin erantzun zien kazetariei, egun mendebaldeko kostan piztuta dauden suteek aldaketa klimatikoarekin zerikusirik ote dute galdetu ziotenean.

Etxe Zuriko maizterrak Sacramento Kaliforniako hiriburuko McClellan Park aireportuan geldiunea egin zuen atzo Arizonara bidean eta Baliabide Naturalak babesteko bertako arduradun batekin, Wade Crowfoot-ekin, egin zuen agerraldia.  

35 hildako eta 2 milioi hektarea kiskali dituzten suteen eta aldaketa klimatikoaren arteko zerikusiari buruz, «gauza asko posible dira», erantzuen zuen. «Nik ez dut uste zientziak horretaz gauzak oso argi dituenik», gaineratu zuen larrialdi klimatikoari buruz eszeptikoa den presidenteak.

«Frogek argi eta garbi uzten dute: aldaketa klimatikoa errealitatea da eta suteak areagotzen ditu», erantzun zion Kaliforniako gobernadore demokratak, Gavin Newsomek.

Etxe Zurirako hautagai demokratak, Joe Bidenek, egoera baliatu du bere aurkariari eraso egiteko. «Klima-piromano bati beste lau urte ematen bazaizkio, nola harrituko gaitu Amerika erretzen ikustea?», ohartarazi zuen bere bizilekua den Delaware estatutik.

«Hautatzeko aukera dugu: elkarrekin lanean jarraitu dezakegu, badakigulako aldaketa klimatikoa gure herrialdearen etorkizunerako erronka existentziala dela; edo bestela Donald Trumpen bidea aukeratu dezakegu: gertaerak alboratu eta errealitatea ukatu… amore ematea».

Trumpentzat, ordea, demokraten agindupean dauden estatu hauetan egin den «basoen kudeaketa txarra» dago suteen atzean.  

Finlandiaren eredua

Boterera iritsi zenetik defendatu izan du presidenteak oihanpeak garbirik eta narrik gabe eduki behar direla eta zuhaitzak bota behar direla suebakiak egiteko. Eta ekologistei egozten die baso kudeaketa mota horren aurka egotea.

«Zuhaitzak erortzen direnean, epe laburrean asko ihartzen dira eta pospoloak bihurtzen dira. Hostoekin berdin, suteendako erregaiak bilakatzen dira».

Trumpek bere burua «baso-herrialdetzat» duten hainbat Estatu jarri zituen eredu moduan. Ez zuen atzo bat bera ere aipatu baina 2018an Finlandiaren gestioa txalotu zuen.  

Washingtongo estatuko gobernadoreak eskutitz batekin erantzun die Trumpen «gezurrei». «Aldaketa klimatikoa ukatzearekin eta karbonoarekin kutsatzen jarraitzeko egin duzun hautuarekin suteak areagotzea lortzen ari zara», egotzi dio Jay Insleek.

IQAir erakundearen datue arabera, Portland, Seattle eta San Francisco hiriak munduan kutsatuenetarikoen artean zeuden astelehenean.

Dena den, eta lehia politikotik at, adituak bat datoz suteen atzean arrazoi asko daudela: alde batetik klima beroketak eragiten duen euria gutxitzean, lehortean eta tenperatura altuetan; eta bestetik basoen kudeaketan, orain dela gutxira arte inor bizi ez zen zonaldeetan dagoen presio demografikoa ahaztu gabe.