naiz

ITP Aerok 194 kaleratze iragarri ditu Zamudioko lantokian eta ELAk mobilizazioak egingo ditu

ITP SAU sozietatearen zuzendaritzak 319 kaleratze proposatu ditu asteazken honetan. Horietatik 194 Zamudioko lantegian izango lirateke. Enpresak 2.017 langile ditu guztira, Zamudion, Alcobendasen eta Ajalviren.

ITP enpresak Zamudion duen egoitza. (NAIZ).
ITP enpresak Zamudion duen egoitza. (NAIZ).

ITP Aerok joan den uztailean jakinarazi zuen 600 langile kaleratu zituela, hau da, taldeko plantilla osoaren %15. Negoziazioak ITP SAU sozietateak hasi ditu. Sozietate horrek Zamudioko egoitza (1.269 langile) eta Madrilgo Alcobendas (577) eta Ajalvir (177) lantegiak hartzen ditu bere baitan.

Langile batzordeak Europa Press berri agentziari jakinarazi diotenez, enpresak planteatutako enplegu erregulaziorako espedientea negoziatzeko mahai bakarra eratu ondoren, zuzendaritzak sindikatuei proposamen bat eman die. Proposamen horrek 319 kaleratze jasotzen ditu ITP SAUren Estatu espainiarreko hiru zentro horietarako.

Zamudioko enpresa batzordeko kide Deiane Arrietak (ELA), negoziazio-mahaiaren eraketan parte hartu duenak, «lotsagarria» dela esan du enpresak planteatutakoa, eta baita «hiru zentroetarako kaleratze bateratua aurkeztea, enpresak izan dituen onurak kontuan hartuta».

Ordezkari sindikalak nabarmendu du hiru zentroetarako «negoziazio-mahai bakar» bateratua eratzearen aurka dagoela, orain arte espedienteak zentroka planteatzen zirelako, eta adierazi du enpresak «antolaketa- eta ekoizpen-arrazoiak» alegatu dituela kaleratze horietarako.

Arrietak adierazi du enpresak emandako dokumentazioa aztertu behar dutela oraindik, baina ez du onartu enpresaren planteamendua, «zentzugabekeria» dela uste baitute.

Sindikatuak eutsi egin die Zamudioko lantegian irailaren 17an, 22an eta 24an deitutako greba-jardunaldiei.

Bestalde, ostegunean, goizeko 7.30ean, mobilizazioa deitu du ELAk zuzendaritzaren aurka, Zamudioko enpresaren aurrean.