NAIZ

Euskara Twitch plataformako hizkuntzetan aukera izateko eskakizuna egin da

Twitch zuzeneko emisio plataformari euskara hizkuntza ofiziala izendatzea eskatzeko ekimena martxan da. Bi egunetan 160 boto lortu dituzte. Helburua lortuz gero, bai sortzaileek, bai ikusleek euskara hizkuntz bezala hautatu ahal izango dute.

Twitch plataformaren logoa. (TWITCH)
Twitch plataformaren logoa. (TWITCH)

Hainbat bideo-joko zaleen premiak ikusita, asteartean Twitch zuzeneko emisio plataformari eskatu zaio euskal komunitatearentzat eskuragarriagoa izatea euskara hizkuntza ofizial bezala gehituz. Bi egunen buruan 160 boto baino gehiago lortu ditu ekimenak. Bozkatzeko prozedura sinplea da eta bete beharreko baldintza bakarra Twitcheko erabiltzaile izatea da.

Helburua lortuz gero, bai sortzaileek, bai ikusleek euskara hizkuntza bezala hautatu ahal izango dute. Horrela bada, euskarazko edukiak iragazi eta erraz aurkitu ahal izango dira.

Nebukai streamer euskalduna izan da eskakizuna gauzatu duena, bere jarraitzaileek helarazitako deiari erantzunez.

Twitch plataforma

Twitch 2011an sortu zen online zuzeneko emankizunak egiteko plataforma da. Bideo-jokoetan berezitua dago eta egunero bi miloi ikusle baino gehiago batzen ditu.

Gaur egun Twitchen 34 hizkuntza hautatu daitezke emisioa egiterakoan. Hizkuntza horien artean katalana dago, hizkuntz ofiziala bihurtu zena orain euskal bideo-joko zale komunitateak aurrera eraman duen prozedura berberaren bidez. Katalanak 2.900 boto lortu zituen.

Euskarazko gameplayak

Game Erauntsia elkarteak 2014 urtetik darama euskarazko gameplayak interneten hedatzen. Guztira, elkartearen webgunean 850 gameplay baino gehiago eskuragarri daude beraien webgunean eta euskal bideo-jokalari guztiek aukera dute beraien edukiak argitaratzeko. Horretaz gain, 2020ko irailetik aurrera Game Erauntsiko Twitch kanala euskaraz jarduten duten hainbat erabiltzaileei hedapena emateko konfiguratuta dago.