Amaia U. Lasagabaster

Baloiarekin hobetu nahi du Mendilibarrek Villarrealen aurka

Yoshinori Muto heldu berria deialdian sartu da, taldearekin lan-saio bakarra egin duen arren. Reciok hartuko du Diop zigortuaren lekua hamaikakoan.

Taldekideekin batera lan-saio bakarra egin duen arren, deialdian sartu da Muto heldu-berria. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Taldekideekin batera lan-saio bakarra egin duen arren, deialdian sartu da Muto heldu-berria. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Denboraldia Celtarekin berdinduz hasiz gero, Eibarrek argi du zein den eman behar duen hurrengo urratsa: lehen garaipena eskuratu, oso aurkari zailaren kontra arituko bada ere, eta horrekin batera, eta batez ere helburu hori errezago gauzatu ahal izateko, debutan eskainitako jokoa hobetu.

Ez zuen pozik amaitu José Luis Mendilibarrek Celtaren aurkako partida hori, gauza onak ikusi bazituen ere. Batez ere, lehen zatian aurkariaren «zelaian jokatu genuen, hori ondo egin genuen. Euren arean gogorragoak izatea falta zitzaigun, erdiraketak eta erremateak egiteko orduan. Baina behintzat saiatu ginen».

Alde txarrena, berriz, eta gorri-urdinek «aste honetan landu» dutena, baloia mugitzean egon zen. «Gehiago agertu behar da baloia ez daukanak, baloia daukanari aukera gehiago eskaintzeko –azaldu du entrenatzaile zaldibartarrak–. Ezin dugu hain errez baloia soltatu, gora bota atetik urrun eta ea zer gertatzen den. Bai, aurkariaren zelaian jokatu nahi dugu baina ideia argi batekin: kanpotik jokatu, heldu, erdiraketak egin…».

Gabezi horri aurre egiteko Reciok izan dezaken garrantzia azpimarratu du Mendilibarrek. «Baloia gehiago eukitzea eskatzen diogu taldeari eta berak hori emango digula uste dut, baloiak dakanari irtenbideak emango dizkiolako». Bihar bertan izan dezake konfiantza horri erantzuteko aukera, Celtaren aurka minutu batzu jokatu ondoren, Diop zigortuaren lekua hartuko baitu erdilari andaluziarrak hasierako hamaikakoan.

Gainontzeko fitxaketekin pozik agertu da ere Mendilibar. Kadziorren arazo nagusia hizkuntza da «eta horren ondorioz eskatzen dioguna ulertzea gehiago kostatzen zaio. Gauza asko egin nahi ditu baina posizioak galtzen ditu eta batzutan partehartzea kostatzen zaio. Baina azkarra da eta laster ikasiko duelakoan nago». Kevini dagokionez, bere etorrerak taldeaz gain, Rafa Soares ere lagunduko duela uste du. «Taldea osatzeko behar genuen, Coteren lesioaren ondorioz Rafa baitgeneukan ezker hegalari bakarra. Elkarrekin lehiatuz postua eskuratzeko biak hobetzea espero dut, taldeak hegal on bat euki ahal izateko».

Badirudi, edozein kasutan, ilusio handiena Mutok piztu duela, Eibarrek azpalditik nahi zuen jokalaria. «Abenduan ere saiatu ginen ekartzen –aitortu du bere entrenatzaileak– baina ez genuen lortu. Oraingoan ekarri ahal izan dugu, aurrekaldean lana, gola eta futbola emango dizkigun itxaropenarekin. Nik uste dut ona dala, bizia, bizkorra, sakontasuna dauka, desmarkea, bizkarrez jokatzea gustatzen zaio eta atzelaria¡en bizkarra bilatzea… Ia guzti hori ematen badigun. Eta gola, noski». Muto, gainera, Inui bere herrikidea baino «irekiagoa» dela uste du Mendilibarrek eta horrek, Takak berak eskainiko dion laguntzarekin batera, «azkarrago bertara egiten» lagunduko diola espero du.

Argi dago entrenatzaileak gustoko duela bere aurrelari berria. Hiru lan-saio besterik ez ditu egin, horietatik bi bakarka prestatzaile fisikoarekin eta bakarra, gaurkoa, taldearekin, eta nahikoa izan du deialdian sartzeko. Bertan Cote eta Arbilla falta dira oraindik eta oraingoan Diopek ere ezin izango du bidaiatu, Celtaren aurka txartel gorria ikusi ondoren. Bigarren taldeko Eñaut, Unai Arieta eta Atienza eramango ditu Mendilibarrek ere.

Hamaikakoan, bestetik, «aldaketa bat edo bat» egon daitekela aurreratu du entrenatzaile bizkaitarrak. Zalantza handienak dagozkie. Denboraldiko lehen partidan Bigas aritu zen ezker hegalean eta, errepikatu dezaken arren, bere postua Soaresi edo Kevini utzita, defentsaren erdira mugitu daitekela dirudi. Bertan Paulorekin batera arituko litzateke, aurrekoan Sergiok egin zuen lanaren lekukoa hartuz. Burgos eta Martinez aulkian utzi zituen ustekabeko hautaketa horri dagokionez, Mendilibarrek «erabaki teknikoa» izan zela argitu du, baina argentinarra koronabirusa pasatu zuena izan zela aitortu du ere, horren ondorioz denboraldi hasierara taldekideak baino entrenamendu gutxiagorekin heldu zela azalduz.