NAIZ

Koronabirusagatik isolatutako haur eta pertsona zaurgarriak zaintzeko baja ordainduak exijitu ditu ELAk

Koronabirusagatik isolatu beharreko umeen eta pertsona zaurgarrien zaintza ahalbidetzeko baimen ordainduak exijitu dizkie ELAk Lakuako Gobernuari eta Eudeli. Osakidetza, hezkuntza, ertzaintza, Autonomia, justizia, Lakuako erakunde autonomo eta sozietate publikoetan zein udal eta foru administrazioko langilegoan izango luke eragina.

Adineko pertsonak Donostia erdialdean paseatzen. (Jon URBE / FOKU)
Adineko pertsonak Donostia erdialdean paseatzen. (Jon URBE / FOKU)

Orain dela egun gutxi Gobernu espainolak koronabirusa dela eta isolatuak izan behar diren adingabeak zaindu ahal izateko baja ordaindua (gaixotasun agiria) seme-alabak PCR proban positibo ematen duten gurasoei soilik emango zitzaiela adierazi zuen.  

Proba negatiboa eman eta bakartutako haurren kasuan, ordea, ez zaie gurasoei gaixo agiririk edo baimen ordaindurik aurreikusten. Modu honetan, ELAk iritzi du haur horiei «zainduak izateko eskubidea ukatu» egiten zaiela, baita gurasoei enplegua eta zaintza bateratzeko eskubidea ere.

Hori horrela, Koronabirusagatik isolatu beharreko umeen eta pertsona zaurgarrien zaintza ahalbidetzeko baimen ordainduak exijitu ditu ELAk. «Urgentziazko» eskaera hau Lakuako Gobernuari zein Eudeli (Euskal Udalen Elkartea) helarazi die eta datozen egunetan EAEko udal eta Foru Aldundietan aurkeztuko du.

Eskaera hori onartuz gero eragina izango luke Osakidetza, hezkuntza, ertzaintza, Autonomia, justizia, Lakuako erakunde autonomo eta sozietate publikoetan zein udal eta foru administrazioko langilegoan.

«Estatuko Gobernuak egiten duen ezberdinketa hau ez dago justifikatua», kexatu da ELA. Uste du «etxean bakartuta geratu eta zaintza behar duen pertsona orok zaindua izateko premia» izango duela, PCR emaitza negatiboa bada ere.

«Positibo eman duten gurasoak soilik izatea zaintzeko eskubidea guztiz justifikaezina da, eta gainera uste dugu gaixotasun baimena baino, baimen ordaindu berezi bat ezarri beharko litzatekela», adierazi du sindikatuak.