Asier AIESTARAN

Santurtzik azken bandera irabazita ospatu du bere lehen Eusko Label Ligako titulua

«Sotera» azkarrena izan da Portugaleteko azken estropadan eta El Corte Ingles bandera ospetsua bereganatuz borobildu du Ligako garaipena. Hondarribiak ez du aukerarik izan eta emozioa beste lehietarako gelditu da: Bermeok hirugarren amaitu du sailkapen nagusian; Zarautz eta Tiran izan dira onenak gizonezkoen play-offean; eta Hondarribiak Euskotren Ligan jarraituko du hurrengo urtean.

Santurtziko arraunlariak, garaipena ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)
Santurtziko arraunlariak, garaipena ospatzen (Aritz LOIOLA / FOKU)

Egun handia gaurkoa Santurtzirentzat. «Sotera» historikoak beste pasarte bat idatzi du bere ibilbide arrakastatsuan, lehen aldiz TKE Liga irabaziz. Eta nola irabazi, gainera. Azken estropadan ere moreak izan dira indartsuenak eta El Corte Ingles bandera ospetsua astinduz ospatu dute titulua.

Goizeko lehen une garrantzitsua kale zozketa izan da, erabakigarria izaten baita askotan Portugaleteko estropada eremuan. Baina zorionez Santurtzi hirugarren kaletik irten da eta Hondarribia laugarrengotik, horrenbesteko alderik gabe printzipioz.

Batak bestearen aldamenean egin dute arraun, eta hasieratik hartu du aurrea Santurtzik, sailkapen nagusian zeukan hiru puntuko abantaila berdin zitzaiola erakutsiz eta estropada irabazteko asmo sendoa zutela lehen paladatik.

Lehen ziabogan moreena izan da denborarik onena, nahiz eta Orio ere gain-gainean zuten lehen kaletik. Hortik aurrera, aldeak apurka-apurka handitzen joan dira eta, liga poltsikoan zutela, azken luzean gozatzeko aukera izan dute Asier Zurinaga patroiak eta bere mutilek.

Azkenean 19:15:78ko denbora egin du Santurtzik, bere txanda nabarmen irabaziz eta aurrekoan Zierbenak egina zuena ere aise gaindituz. Garaipen bikaina, asteburuko bigarrena, eta ospakizunen garaia moreentzat.

Atzetik, lehia estua izan da Bermeo eta Orioren artean. Sailkapen nagusian berdinduta zeuden bi ontziak, eta azken estropadan ere sekulako borroka izan dute. Une askotan oso gertu izan dira, epaileak behin baino gehiagotan sartu behar izan du bien artean, eta biek jaso dute hiru segundoko zigor bana.

Azkenean, Bermeok hartu du aurre helmugan bi segundo baino gutxiagoko errentarekin, baina nahikoa izan da sailkapen nagusian hirugarren postua ziurtatzeko.

Arazoak play-offeko irteeran

Aurrez, emakumezko zein gizonezkoen play-offetako bigarren jardunaldia jokatu da, eta korrontearen indarrak zenbait arazo sortu ditu, batez ere nesken lehian.

Irteera puntuan kokatzea eta estatxa hartzea ez da batere lan erraza izan patroientzat. Cabo izan da irtetzen lehena eta galiziarrek ez dute lortu irteeran garaiz kokatzea, 10 segundoko zigorra jasoz. Eta ondoren berdina gertatu zaio Tolosaldeari, igoera borrokatzeko zituen aukerei hasterako agur esanez.

Horrek emozio guztia kendu dio estropadari. Hondarribiak ederki egin du bere lana, arazoak sahiestuz, eta denborarik onena egin ez arren aise lortu du datorren denboraldian Euskotren Ligan jarraitzeko txartela.

Denborarik onena Hibaikarena izan da gaur, eta taldea mantentzen badu argi utzi du datorren udan oso kontuan izateko trainerua izango dela.

Emozio gehiago gizonekoen proban

Askoz emozio gehiago izan du gizonezkoen bigarren jardunaldiak. Gaur ere, bost ontzien artean indarrak oso paretsu daudela ikusi da, baina gaurkoan erabakigarria izan da ziabogetan erakutsitako trebezia desberdina.

Zarautz izan da gaur azkarrena, eta Aitzol Garro patroi gazteak maniobrak bikain zuzendu ditu bereziki arriskutsua den estropada eremu batean –Pedreña, Tiran eta Meira arazo askorekin ibili dira–. Zarauztarrek 9 puntu bildu dituzte guztira eta ongi merezita jarraituko dute datorren denboraldian Eusko Label Ligan.

Bigarren txartela Tiranentzat izan da. Galiziarrek ez dute estropada ona egin gaur, laugarren izan dira, baina bezperan Bermeon lortutako garaipenak sekulako balioa izan du sailkapena egiterako garaian.

Hona hemen sailkapen guztiak:

El Corte Ingles Bandera
    1.    Santurtzi    19:15:78        2.    Zierbena     19:25:90
    3.    Bermeo*     19:29:66
    4.    Orio*     19:31:38
    5.    Hondarribia     19:34:02
    6.    Donostiarra*     19:40:44
    7.    Lekittarra     19:54:86
    8.    Cabo     20:00:62
*3 segunduko zigorra

Eusko Label Liga
    1.    Santurtzi    178 puntu        2.    Hondarribia     171 p.
    3.    Bermeo     157 p.
    4.    Orio     156 p.
    5.    Zierbena     154 p.
    6.    Donostiarra     144 p.
    7.    Cabo     107 p.
    8.    Lekittarra     85 p.

Gizonezkoen play-offa (2. jardunaldia)
    1.    Zarautz    19:52:66        2.    San Pedro     16:55:28
    3.    Pedreña     19:56:16
    4.    Tiran     19:56:72
    5.    Samertolameu     20:02:28

Gizonezkoen play-offa
    1.    Zarautz    9 puntu        2.    Tiran     7 p.
    3.    Pedreña     5 p.
    4.    San Pedro     5 p.
    5.    Samertolameu     4 p.

Emakumezkoen play-offa (2. jardunaldia)
    1.    Hibaika    10:30:04        2.    Hondarribia     10:31:86
    3.    Tolosaldea*     10:47:20
    4.    Cabo*     11:04:80
*10 segundoko zigorra

Emakumezkoen play-offa
    1.    Hondarribia    7 puntu        2.    Hibaika      6 p.
    3.    Tolosaldea     5 p.
    4.    Cabo     2 p