NAIZ

212 ikasgela itxita daude covid-19aren eraginaren ondorioz, EAEko ikasgela guztien %1,2

Lakuako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez 212 ikasgela itxita daude 132 ikastetxetan covid-19aren eraginaren ondorioz. Itxitako ikasgelen kopurua ikasgela guztien %1,2 da. Uneotan ez dago ikastetxe bakar bat itxita. Nafarroan 136 taldeetako ikasleak konfinatuak daude. 

Errenteriako Telleri ikastetxea. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Errenteriako Telleri ikastetxea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Lakuako Hezkuntza Sailak iragarri duenez, gaur egun 212 ikasgela itxita daude EAEko 132 ikastetxetan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 17.554 ikasgela daude guztira, 2 urtetik unibertsitatez kanpoko derrigorrezko hezkuntza ondoko mailetaraino. Itxitako ikasgelen kopurua ikasgela guztien %1,2 da.

Hala adierazi du Gasteizko Gobernuak eguerdian komunikabideei bidalitako ohar batean. Bertan jasotzen dira ikastetxeetan covid-19ren ondorioz itxi diren klaseen datuan. Azaltzen denez, uneotan ez dira ikastetxeak itxi.

Pasa den astean Lakuako Osasun Saileko eta Osakidetzako Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak, Ignacio Garitanok, EAEn 2.800 ikasletik gora bakartuta zeudela ohartarazi zuen. Nafarroan, pasa den asteko datuen arabera, 2.308 ikasle zeuden berrogeialdian.

Gaur egun, 136 taldeetako ikasleak bakartuta daude Nafarroan.

Pasa den asteko greba

Milaka lagunek parte hartu zuten pasa den asteartean ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk EAEko Hezkuntza alorrean gaur deitu zuten grebaren harira antolatu ziren manifestazioetan. EAEko hiriburu eta herrietan deitutako mobilizazioetan bildu zirenek «Hezkuntza Sailari egoerak eskatzen duen ardura behingoz bere gain hartu eta aurrez aurreko ikasturte segurua eta adostua bermatzeko neurri zein baliabideak abian jartzea» galdegin zioten.

Sindikatuen eskaerak «argiak» dira: «Langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea, garbitzaile, sukaldari, 0-3ko haur hezitzaile, premia berezietako laguntzako espezialista, jangela eta garraioetako begirale zein irakasle izan; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babeserako Ekipamenduak ikastetxeetan lehenbailehen egotea, bereziki gertuko harremana duten premia bereziko espezialista zein hezitzaileen kasuan; eta geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz».