Eli Cesareo (Bera Bera), «ebakuntza arrakastatsua» eta lau hilabeteko errekuperazioa

Hatz lodian lotailua konpontze aldera ebakuntza egin zioten ostiralean Super Amara Bera Berako jokalariari, eta horrekin batera artroskopia ere egin zioten esku muturrean, lotailua kapsularra josiz.

NAIZ|21/09/2020
Cesareo
Eli Cesareo, aurreko denboraldiko partida batean. (Idoia ZABALETA/FOKU)

«Ebakuntza arrakastatsua» egin zioten ostiralean Eli Cesareo Super Amara bera Berako jokalariari, taldeak jakitera eman duenez.

Hatz lodian lotailua konpontze aldera ebakuntza egin zioten jokalari katalanari, eta horrekin batera artroskopia ere egin zioten esku muturrean, lotailua kapsularra josiz.

«Birus batek denbora luze batez konfinatu egiten gaitu gehien gustatzen zaiguna egiten utzi gabe, eta hain justu hasi eta lesio bat agertu eta beste bat berragertzen da. Inoiz ez da momentu ona lesioez hitz egiteko eta are gutxiago orain, dena hain urruti ikusten denean», idatzi zuen jokalariak bere Twitter kontuan ostiralean.

Bera Berak adierazi duenez, hemendik aurrera, Cesareok sei astetan mugitu gabe izan behar du besoa eta, antza denez, errekuperazio epea lau hilabetetara luzatu daiteke.

Super Amara Bera Bera eta Atletico Guardes taldeen arteko partida baino lehenago egin zioten ebakuntza Cesareori, eta jokalariak telebistaz jarraitu zuen bere taldearen garaipena. Jokalaria larunbatean itzuli zen Donostiara.

Ezbehar honek kointziditu du Maria O’Mullonyren itzulerarekin. Izan ere, duela bi aste Bera Berarekin jokatzeko prest agertu zen berriro ere Zamorako jokalaria hernia diskaleko ebakuntza egin zuela 101 egun pasa eta gero.