Maite UBIRIA

Elkartasunen Martxarekin bat eginez hainbat mobilizazio antolatu ditu Etorkinekin kolektiboak

Joan zen larunbatean Marseillatik abiatu zen Elkartasunen Martxa urriaren 17an helduko da Parisera. Paperik gaude dauden herritarren egoera erregularizatzea, migratzaileak atxikitzeko zentroak ixtea eta etorkinei bizitoki duinak bermatzea, horiek dira ibilbide horren bidez zabalduko dituzten eskaerak. Etorkinekin kolektiboak mobilizazioak antolatu ditu urriaren 3rako Hendaian eta Baionan.

Etorkinekin kolektiboko kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Baionan. (Naiz)
Etorkinekin kolektiboko kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Baionan. (Naiz)

Etorkinekin kolektiboak 130-140 migratzaile aterpetzen ditu, horietatik 60 adin txikikoak direla. Migrante horiek Ipar Euskal Herriko hainbat herritarrek babesten dituzte, beraien etxeetan. Horretaz gain eskubideak lortzeko burutu beharreko prozeduretan laguntzen dituzte.

Etorkinekin-eko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute astelehen arratsaldean Baionan. Agerraldian nabarmendu dutenez, etorkinek bide zeharo malkartsua behar dute zeharkatu paperak lortzeko. Sei hilabeteko egonaldia bermatzen duen baimena eskuratzeko ibilbide administratiboa zaila da.

Pertsona horiek haien jatorrizko herrialdetatik agiriak jasotzea ez da erreza. Horretaz gain prozedura administratiboa garestia da. 225 euro behar dituzte ordaindu lehenik eta behin desmartxa abian emateko.

Agiria lortzen dutenak gutxiengoa dira. Eskaera egiten duten migratzaileen artean bataz beste %30ak baizik ez du behin-behineko erresidentzia baimena lortzen frantses Estatuan.

Baimena eskuratzen dutenek handik sei hilabetera berriz ere ataka zailean aurkitzen dira askotan, baimena berritzera joan eta beraien aurka zabalduriko kanporatze prozedura jakinarazten dietelako.

Egoera horretan milaka eta milaka herritarren itzalean bizi behar dute, «nehork ez dituen nahi lan jarduerak egiten eta mota guztietako gehiegikeriak soportatuz», Etorkinekin kolekiboko kide den Eve Navarrok azaldu duenez.

Horrendako, migratzaileen aldeko mugimenduak «plano humanitarioa solik ez dimensio politikoa baduela» nabarmendu du. Bere esanetan, eskubideen berdintasuna oinarri duen gizartearen aldeko dinamika zabalago baten baitan kokatzen da pertsona migranteen aldeko mugimendua.

Marseillatik Parisera

Joan zen larunbatean Elkartasunen Martxaren lehenengo zutabea Marseilla hiritik abiatu zen. Ondoko asteotan, Hexagonoko hainbat puntuetatik urriaren 17an Parisen antolaturiko ekimenean amaituko den ibilbide horrekin bat eginen duten beste zutabe batzuk.

Etorkinekin kolektiboak Parisen eginen den mobilizazioarekin bat egiten du. Amaia Fontang kolektiboko kideak laburbildu duenez hiru eskakizun zehatz haizeratuko dituzte Elkartasunen Martxari esker, baina oroz gain «paperik gabe diren herritarrak agerian jarriko ditugu, itzaletik argitara ekarriz, guk finean beraien bozeramaile baizik ez gara,  beraiek ezin dutelako denon aurrean azaldu».

Paperik gabekoen erregularizazioa, migranteak atxikitzeko zentroen itxiera (CRA, frantsesez) eta etorkinentzat bizitoki duinak horiek dira martxaren bidez zabaldu nahi dituzten aldarrikapen nagusiak.

Hain zuzen, Biarritzeko Herriko Etxeak zabalduriko bidetik Baionako Udalak karriketan egoten diren etxerik gabeko jendeak hiri erdigunetik ateratzeko onarturiko araua arranguraz hartu dute Etorkinekin kolektiboaren baitan jarduten duten elkarteek.

SDFen aurkako araua deuseztatzea

Migranteak soilik ez «orohar prekarietate handia pairatzen duten herritarrak hunkitzen dituzten» erabaki horiek arbuiatzeaz gain «arau horiek deuseztatzeko prozedura judiziala zabaltzeko aukera» aipatu du Amaia Fontangek. Auzitegiek etxegabeak taldeka karrikan «eserita edo etzanda» egotea ekidin nahi duen araua bertan behera utziko dutela espero duela aitortu du Etorkinekin kolektiboko ordezkariak.

Parisen antolaturiko martxarekin bat egiteaz gain horren aurretik, urriaren 3an, ekimen bina antolatu ditu kolektiboak. Goizeko 11.00etan Hendaian dagoen CRA itxi behar dela aldarrikatuko du Hendaian antolaturiko elkarretaratze baten bidez. Bidasoaren hegoaldetik Sos Arrazakeria, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Irungo Harrera sareko kideak bertaratu dira ekimen horretara.

Arratsaldeko 16.00etan, berriz, Baionako Roland Barthesetik martxa bat aterako da. Pausa migranteei harrera egiteko zentroan geldiune bat egin ondoren Suprefetura aurretik igaroko da Herriko Etxearen aurrean bururatuko da migranteen eskubideak aldarrikatzeko ibilbidea.