NAIZ

Sara Bilbatua casting zuzendariak Zinemira Saria jaso du

Sara Bilbatuak Zinemira Saria jaso du, Euskal Zinemaren Galan. Azken 25 urteotan, ikus-entzunezko 75 ekoizpenetan baino gehiagotan aritu da.

Sara Bilbatua, Zinemira sariarekin. (ZINEMALDIA)
Sara Bilbatua, Zinemira sariarekin. (ZINEMALDIA)

Sara Bilbatua casting zuzendari eibartarrak jaso du Zinemira Saria, Donostia Zinemaldiak eta Ibaia eta EPE/APV ekoizleen elkarteek ematen dutena, euskal zinemaren alorrean nabarmena den pertsona ezagun baten aintzatespen gisa.

Bilbatuak Aizpea Goenagaren eskutik jaso du garaikurra, Euskal Zinemaren Galan. Ekitaldian Migueltxo Molinak, Pablo Iraburuk eta Jon Mayak zuzendutako ‘Bizimina’ ere ikusi ahal izan da, film laburra, dokumentala eta dantza hibridatzen dituena, pandemia garai hauetan suspertuko duen kontakizun bat eratze aldera.

Azken 25 urteotan, Bilbatua ikus-entzunezko 75 ekoizpenetan baino gehiagotan izan da casting arduradun.

EHUn Sikologiako lizentzia lortu ondoren, Sara Bilbatuak (Eibar, 1958) arte dramatikoko ikasketak egin zituen Madrilgo Laboratorio de Teatro William Layton zentroan. 1994an egin zuen lehen lana casting zuzendari gisa, Santiago Aguilarrek eta Luis Guridik osaturiko tandemak zuzendutako ‘Justino, un asesino de la tercera edad’ filmean.

Ordutik, casting arduradun ezagunenetako bat bihurtu da Espainian, Pedro Almodovar (‘Todo sobre mi madre’ eta ‘Hable con ella’), Juanma Bajo Ulloa (‘Airbag’), Mariano Barroso (‘Éxtasis’ eta ‘Los lobos de Washington’), Daniel Calparsoro (‘Salto al vacío’), Isabel Coixet (‘Los que aman’), Julio Medem (‘Los amantes del círculo polar’, ‘Lucía y el sexo’ eta ‘Caótica Ana’), Jaime Rosales (‘La soledad’, ‘Petra’), Guillermo del Toro (‘El espinazo del diablo’ eta ‘El laberinto del fauno’), David Trueba (‘La buena vida’), Carlos Vermut (‘Magical Girl’ eta ‘Quién te cantará’) eta beste zinemagile batzuekin batera egindako lanari esker.

Tanami Casting izeneko bere agentziaren bitartez telebista proiektu ugaritan hartu du parte. Gainera, 2004an ‘El aire que respiro’ idatzi eta zuzendu zuen, Lakuako Gobernuaren  Kimuak katalogoan sartu zen film labur bat.