NAIZ

Nazioarteko zenbait eragilek Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza salatu dute

Nazioarteko zenbait eragilek salatu dute Igor Gonzalez Solaren heriotza. Halaber, euskal presoek pairatzen dituzten salbuespeneko neurriak kritikatu dituzte. «Bake-prozesuak ia hamarkada bat dauka eta espainiar Estatuaren ardura da 230 euskal presoen egoera konpontzea, aldez aurretik aske uzteko plan bat proposatzea barne», adierazi du Sinn Feineko Pat Sheehanek.

Bilboko manifestazioa salbuespen legidiaren kontra, Igor Gonzalez sola presoa hilda agertu ondoren. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bilboko manifestazioa salbuespen legidiaren kontra, Igor Gonzalez sola presoa hilda agertu ondoren. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Sortuk jakinarazi duenez, nazioarteko zenbait mugimendu politikotan «atsekabea» eragin du Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotzak, eta euskal preso politikoek bizi duten egoera «ankerra» salatu dute. «Hala, Latinoamerika eta Irlandatik presoekiko elkartasun mezuak iritsi zaizkigu, eta euskal preso politikoek bizi duten salbuespen egoerari aterabidea emateko galdegin diote Estatu espainiarrari», gaineratu du.

Sinn Feinen izenean, Pat Sheehan buruzagiak doluminak helarazi dizkie Gonzalezen senide eta lagunei. «Espainiar Estatuko zenbait kartzelatatan hamabost urte eman ondoren, Euskal Herriko batera ekarri zuten Igor, eta gaixorik larri egon arren, kartzelan jarraitzen zuen», ohartarazi du.

Adierazi duenez, «bake-prozesuak ia hamarkada bat dauka eta espainiar Estatuaren ardura da 230 euskal presoen egoera konpontzea, aldez aurretik aske uzteko plan bat proposatzea barne».

Kolonbiako Valledupar espetxetik, ELNko Edward Atencio eta FARC desagertutako gerrillako Benkos Bioho kolektiboetako presoek munduko preso politikoen egoera zaurgarria salatzeko deia egin diote nazioarteko erakunde zein norbanakoei.

«Bereziki, espero dugu zuen ekintza irmoa, 230 euskal presoen baldintzapeko eta behin betiko askatasuna lortze aldera presioa egin dezazuen, eta hori gertatzen den bitartean, Euskal Herriko espetxeetara lekualdaketa sozial eta familiarra berma dadin eta gainerako oinarrizko eskubide guztiak berma daitezen», azaldu dute.

ELNko eta FARC ohiko presoen esanetan, «euskal preso politikoei indarrak batzeko deia egiten diegu bizitzaren, duintasunaren eta askatasunaren aldeko borroka honetan, etorkizun hurbil batean aske jarrai ahal dezagun, bakearen eta justizia sozialaren alde banderak altxata, independentziaren eta burujabetzaren alde, gure herrientzako mundu hobe baten alde».

Kolonbiako Campaña Internacional Simon en Libertad ekimenak doluminak agertu dizkio Igor Gonzalezen familiari. «Posible denez, bat egiten dugu familiarengandik eta gizartearengandik gertuago egoteko eskariarekin, Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzearekin, gaixo diren preso politikoei gizalegezko tratua ematearekin, haien duintasun eta oinarrizko giza eskubideak erabat errespetatzearekin», azaldu du.

‘Encuentro de Profesionales contra la Tortura’ erakunde argentinarrak gogor salatu du heriotza: «Ororen gainetk, espainiako autoritate judizialak dira gure ustez homizidio honen arduradun nagusiak, haien konstituzioa bera urratuz, oraindik ere indarrean mantentzen baitute errepresalia faxista euskal herriaren gainean, 230 presoak bahitu gisa erabiliz espetxe espainiarretan».

Argentinako ‘Colectivo a Casa’ elkarteak ere euskal presoen eskariak babestu ditu eta salbuespeneko egoera bertan behar uzteko exijitu. «Argentinarrok eta latino amerikarrok oso ondo dakigu nola diktadura zibiko-militarrek utzitako ajeek nola dirauten gure ustezko demokrazien oinarrietan, eta horregatik ondotxo dakigu nori agertu behar diogun gure elkartasuna eta nor interpelatu behar dugun», adierazi du agiri batean.