NAIZ
DONOSTIA

‘Alegiazko izakiak’ erakusketa antolatu du Topic-ek Donostian Beldurrezko Astea aitzaki

Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Astearen harira, Tolosako Topic Museoak erakusketa berezia antolatu du Okendu Kultur Etxean. Guztira 80 txotxongilo ikusi ahal izango dira eta, horietatik, erdia lehen aldiz erakutsiko dira. ‘Alegiazko izakiak’ azaroaren 9ra arte egongo da zabalik.

Tolosako Topic Museoak 80 txotxongilo aukeratu ditu bereziki erakusketa egiteko. (TOPIC)
Tolosako Topic Museoak 80 txotxongilo aukeratu ditu bereziki erakusketa egiteko. (TOPIC)

‘Alegiazko izakiak-Seres fantásticos’ erakusketa Tolosako nazioarteko txotxongiloaren Topic Museoak bereziki diseinatutako erakusketa da, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asterako (urriak 30-azaroak 6). Guztira 80 txotxongilo ikusi ahal izango dira eta horietatik erdiak ez dira lehenago inoiz erakutsi, lehen aldiz aterako dira Topic-eko biltegietatik «museo-pieza gisa gizartean aurkezteko asmoz».

Erakusketa txotxongilo-tipologiaren edo pertsonaia-arketipoaren arabera diseinatu dute, eta denetarik topa daiteke: helduentzako txotxongilo lanak, beldurrezkoak edo beldurgarriak, eta zaletasun jakin batzuk dituen ikuslegoan pentsatuz hautatu dira. Izan ere, ez da ahaztu behar Astearen baitan antolatu dela erakusketa, eta estetika zehatz bati eusten diotela erakutsiko diren txotxongiloek.

«Biltegi guztiak arakatu ditugu pieza zuzen eta egokiak aukeratu ahal izateko. Hori erronka eta lan liluragarria da, beti atzematen duzulako ahaztuta zegoen txotxongiloren bat, edo konturatzen zara sortu zirenean estetika aldetik hain zorionekoak izan ez ziren haiek edo agian, leku ezkutuago batera eraman zituztenak, azkenean argitara ateratzeko aukera duzula» azaldu du Topic-eko museo-arduraduna den Maria San Sebastianek.

Tematika zehatza izan arren, erakusketa «jende guztiarentzat» izatea nahi dute. «Gainera, zenbait heldu edo kulturarentzat beldurgarriak izan daitezkeen izakiak, ez dira horrela haurrentzat edo beste jatorri batzuk dituzten pertsonentzat», aipatu du.

Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa da eta Europan txotxongilo-arterako zentro integral bakarra da. Erakusketak istirala honetan irekiko ditu ateak eta datorren azaroaren 9ra bitartean zabalik egongo da. Sarrera librea da.