Dabid Lazkanoiturburu

EBrekin duen zirkulazio libre akordioa berriro bozkatuko du Suitzak igandeko erreferendumean

Suitzako lehen alderdiak dei egin dio hauteslegoari Europako Batasunarekin (EB) Alpeetako herrialdeak duen jendearen zirkulazio libreari buruz bozkatzeko datorren igandean erreferendumean. «Immigrazio hautatua» izeneko proposamenak aukera gutxi du, baina 2014 urtean gertatu zen ezustearekin, nork daki?

Migrazioaren aldeko aldarrikapena Berna hirian. (Fabrice COFFRINI/AFP)
Migrazioaren aldeko aldarrikapena Berna hirian. (Fabrice COFFRINI/AFP)

Duela sei urte, estu-estu baina suitzarrek onartu egin zuten erreferendumean etorkinei, batez ere europarrei, kuotak ezartzea. UDC alderdi populista-eskuindarraren ekimena izan zen.

Oraingoan, alderdi berak, Alpeetako herrialdeak «neurririk gabeko immigrazioa» eta «lanpostuei mehatxua» pairatzen omen duela argudiatuta, ekimen berri bat antolatu zuen EBrekin 1999an Suitzak sinatu zuen Pertsonen Zirkulazio Librerako Akordioa (ACLP, frantsesez) bertan behera uzteko.

«Subirotasunaren ardatzetako bat den immigrazioaren kontrola berreskuratzea da gakoa», dio Genevan UDC alderdiaren ordezkari den Vincent Schallerrek.

1992an suitzarrek ezetz esan zioten erreferendumean Europako Gune Ekonomikoan sartzeari, EBren aurrekaria izan zen Europako Komunitateko kideen arteko akordioari.

Ordutik hona, Bernak eta Bruselak makina bat akordio sinatu dituzte, baina 2014ko emaitzek harremanak gaiztotu zituzten. Besteak beste, EBk suitzarrak Erasmus programatik kanpo utzi zituen.

Errepresalien beldur, Suitzak onartutako neurriak malgutu egin zituen 2016an, UDCren haserrerako. «Gehiegi gehiegizkoa da» lelopean, alderdiak iragarki batzuk kaleratu zituen non ikus zitekeen europar bat Suitzaren gainean esertzen.

Sei urteren bueltan, ez du ematen immigrazio europarrak suitzarrak gehiegi kezkatzen dituenik. Inkesten arabera, hauteslegoaren %65ak aurka bozkatuko du erreferendumean.

Amankomuneko frontea

Adituen ustez, 2014ean EBtik immigrazioaren aurka bozkatu zuen zati batek ikasi zuen orduan Brusela ez zegoela prest edozer gauza onartzeko.

Baina agian garrantzitsuena UDC bakarrik geratu dela da. Gobernua, Parlamentua, sindikatuak, patronala, alderdiak... guztiek bat egin dute eskuin populistari aurre egiteko. EB Suitzaren lehen kide komertziala dela eta bertako ekonomiako arlo askok, mugako eskualdeetan batez ere, langile europarreak behar dituztela gogorarazi dute.

Hori gutxi balitz, Gobernuak ohartarazi duenez, Suitzak ALCP akordiotik bere kabuz alde egingo balu EBrekin dituen beste sei akordio pikutara joango lirateke, «gillotina deritzon klausula dela-eta», hauen artean merkatu publikoak, nekazaritza et lur garraioa adosten dutenak.

Bruselan, Europako Batzordeko bozeramalea den Dana Spinant-ek ez du erreferendumari buruz hitzegin nahi izan, baina Suitzarekin harremanak samurtzeko esparru akordioa sinatzeko EBk duen asmoa berretsi du, «ahalik eta aguruen».

Kontua da suitzarrak ez daudela ados esparru-akordioaren puntu batzuekin, batez ere soldaten babesa eta Estatuaren laguntza zalantzan jartzen dutenekin. Horrela, bada, eskuinean nahiz ezkerrean, suitzarrek ez dute begi onez ikusten.