NAIZ

Erietxeak, Osakidetzako langileen protestaren bigarren geltoki: «Muturreko egoeran gaude»

Osakidetzako ospitale guzti-guztietan elkarretaratzeak osatu dira gaur 11etan, euripean, bitarteko gehiago esijitzeko. Gabeziak eta murrizketak aurretik datozela baina pandemiak nabarmen ikusarazi dituela nabarmendu dute sindikatu guztiek batera.

Osakidetzako langileak, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Osakidetzako langileak, Donostian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, ehunka eta ehunka langile atera da gaur erietxeetako sarreretara, toki gehienetan euriak gogor jotzen zuen unean, «muturreko egoeran» direla eta konponbideak behar dituztela Lakuako Gobernuari helarazteko.

«Osakidetza promesetatik neurri zehatzetara pasa behar da», adierazi dute. Izan ere, aurreko astean Lehen Arretako zentroetan eginiko protestei honela erantzun zion Osasun Sailak, baliabide gehiago jartzeko borondatea izan baduela ziurtatuz.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen arabera, osasun sistema publikoak dituen arazo larriak larriagotu egin dira, baina ez dira birusarekin jaio, eta ez dira desagertuko edo kontrolatuko. «Egiturazko eta sakoneko arazoen aurrean gaude, eta izaera bereko irtenbideak behar dituzte», esan dut Ostegunean eginiko agerraldian, gaur egun erietxeen egoera «ona» dela baloratu zuen Ignacio Garitano covid-19aren aurkako koordinatzaileak. Hala ere, birusa Euskal Herrian berpiztu denetik jada ospitaletan artatutako hiru lagunetatik bat koronabirusak jota heldu da, eta ondorioz presioa egunez egun igotzen ari da berriz, zorionez martxoan eta apirilan izan zen mailara heldu gabe.

Honen harira, SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek argitu nahi izan dute Osasun Sailak iragarri berri dituen 4.000 lanpostu berriak «ez direla benetakoak, laurteko honetan erretiroagatik sortuko diren lanpostu hutsak ia betetzen ez dituztelako, eta ez dute ekarriko behin-behinekotasun tasa oso altuko plantilla egonkortzea, ezta profesional gehiago egotea ere».

Bilbon manifestazioa iragarri dute Osakidetzako langileek, urriaren 3an hain zuzen ere, hurrengo asteko larunbatean beraz. Bezperan, ostiralean, Hezkuntza arlokoak dira kalera aterako direnak.