NAIZ

Begoña Lazkano piraguistak bederatzigarren postuan bukatu du Szegedeko Munduko Kopa

Aurreko denboraldian K4arekin Jokoetarako sailkapen aukerak galdu ostean, orain, K2-500 metrokoan, Laia Pelachs katalanarekin batera aritu da pasaiarra borrokan.

Begoña Lazkano eta Laia Pelachs, Szegeden. (BASQUE TEAM)
Begoña Lazkano eta Laia Pelachs, Szegeden. (BASQUE TEAM)

Aurreko denboraldian K4arekin Jokoetarako sailkapen aukerak galdu ostean, Begoña Lazkano beste bataila batean murgilduta dago. Orain, K2-500 metrokoan, Laia Pelachs katalanarekin borrokan ari da, joan den udaberrian Europako eta Munduko aurreolinpikoetan banatu behar ziren Tokioko Jokoetarako plazetako bat lortzeko.

Ez dirudi aldaketa horrek Pasaiakoari kalte egin dionik, Szegedeko Munduko Kopan gertatutakoa kontuan hartuta. Sprint piraguismoko denboraldiko lehen eta azken nazioarteko hitzordua jokoan da Szegeden (Hungaria), Covid-19k sortutako pandemia mundialaren ondorioz.

Atzo finalerako sailkapenalortu ostean, gaurko finalean Lazkanok eta Pelachsek ezer gutxi egin ahal izan dute Peters eta Broeks belgikarrek eta Aniushina eta Stepanova eta Kovnir eta Dolgova errusiarrek ezarritako erritmoaren aurrean.

Bederatzigarren eta azken postuan sailkatu dira, irabazleengandik 3.16ra. «Sentsazioak ez dira atzokoak izan, baina orain arte lehiatzeko aukera gutxi izan ditugu, hobetzen joatea espero dugu, beraz, nahiko pozik gaude», adierazi du Lazkanok probaren ostean.

Ostiralean jokatutako sailkapen proban, Lazkano eta Pelasch laugarren izan ziren, Peters eta Broeks estropadako irabazleengandik 2.63ra. Kovnir eta Dolgova errusiarrak bigarren izan ziren eta Povkh eta Kuklinovska ukrainarrak, hirugarren. Lehenak finalerako sailkatu ziren zuzenean eta hurrengo seiak finalerdietara pasatu ziren.

Lazkanok eta Pelaschek, ondoren, euren finalerdiei gogor aurre egin zioten, eta ezustekoa eman zuten, lehen aipatutako Errusiako bikotearen eta Tanko eta Todorova ukrainarraren aurretik amaituz.

Iñigo Peña, finalean

Bestalde, gizonezkoetan, Iñigo Peñak arazorik gabe gainditu zuen atzo K2-1.000 lasterketako sailkatze proba, bigarren postuan amaituz. Zumaiarra eta bere ontzikidea, Paco Cubelos, zuzenean sartu ziren finalean, finalerdia jokatu behar izan gabe. Igandean dominengatik lehiatuko dira goizeko 10.57etatik aurrera.

Bai Iñigo Peñak eta baita Begoña Lazkanok ere iragan irailaren 6an lortu zuten Szegedeko Munduko Koparako txartela, Pontevedran (Galizia) Estatalak irabazi ostean.