NAIZ
BILBO

Galder Perezen ‘Lurrun minez’ obra estreinatuko da Loraldian

Iaz Cafe Bar Bilbao gidoi sariketa irabazi ondoren, ‘Lurrun minez’ testua obra bilakatu eta taularatu egingo gu Galder Perezek. Urriaren 1ean eta 2an eskainiko da, estreinakoz, Loraldia Udagoiena jaialdiaren baitan.

Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano dira aktoreak. (LORALDIA)
Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano dira aktoreak. (LORALDIA)

Orain urtebete Galder Perezek ‘Lurrun minez’ testuarekin Cafe Bar Bilbao gidoi lehiaketa irabazi ondoren prestaketarako tartea izan da obra taularatu ahal izateko. La Fundicionen laguntzaz eta Olatz Gorrotxategiren zuzendaritzapean, estreinaldia Loraldia Udagoiena jaialdiaren testuinguruan izango da, urriaren 1ean eta 2an, La Fundición aretoan, Bilbon.

Tramak maitasun hiruki bat planteatzen du, «hiruko arrosa» harremanez, botereaz, kontrolaz eta indarkeriaz mintzatzeko. «Hiru mariken arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da. Gay sauna batean gertatuko da hiru gizonen arteko ezusteko topaketa, eta hainbat gaiez eztabaidatuko dute protagonistek», aurreratu dute.

Antzerkia aitzakia izango da hainbat galdera planteatu eta hausnartzeko: Beharrezkoa ote da identitatearen etiketa? Edo dena justifikatu eta azaldu beharra ez ote da bestelako boterearengandik jasotako herentzia kontserbadore patriarkala?…

Joseba B. Lenoir-ek jarritako zuzeneko musikari, Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez eta Pelayo Serrano aktoreen interpretazioak batuko zaizkie. Lurrun artean desioak, jaia, frustrazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hamaika kontu nahastuko zaizkie pertsonaiei. «Harremanen nondik norakoak, boterea eta gizakiok sexualki erabiltzen ditugun mekanismoak aztertuko ditu obrak».

Galder Perez gidoilariak azaldu duenez, «mina oso presente» egongo da antzezlanean zehar. «Aktoreek hiruki sozial, erotiko eta politikoa osatuko dute. Bertan nahastuko dira desioa, pasioa, boterea eta bortizkeria, eta dena gabon gau batean, horrek dakarren sinbologiarekin. Izatez, parranda eta orgia moduko bat izan behar du gauak, baina ezustekoak bata bestearen atzetik etorriko dira, eta aurkeztutako hirukiak eztanda egingo du. Hiru erpin zituenak hamaika erpinekin amaituko du», adierazi du egileak berak.

Testutik abiatuta, ikuskizunak plastika eta antzerkigintza garaikidea proposatuko dizkio ikusleari.