Jon Mariezkurrena: «Nire ustez Ander Imazen adierazpenak ez dira batere zuzenak»

Berriozarreko atzelariak Baiko eta pilotarien arteko gatazkan Ander Imazek izandako jokabidea kritikatu du Euskadi Irratian. Oiartzuarrak igandean egindako adierazpen batzuen harira, gipuzkoarrak kideei emandako hitza ez zuela bete salatu du eta «informazioa filtratu» ziela enpresako ordezkariei.

Asier AIESTARAN|28/09/2020
Mariezkurrena
Mariezkurrena eta Imaz, elkarren aurka jokatutako partida batean (Iñigo URIZ / FOKU)

Baiko eta enpresa horretako pilotarien gehiengoaren arteko gatazka okertzen ari da egunetik egunera, eta gaur Jon Mariezkurrena izan da Euskadi Irratian adierazpen gogorrak egin dituena.

Berriozarreko atzelari gaztea enpresatik kanpo geratu da asteburu honetan Baikorekin zuen kontratua amaitu ostean, eta horri buruz jardun du Arritxu Iribarrek egindako elkarrizketan, baina nafarraren adierazpen deigarrienak Ander Imazi buruz egin dituenak izan dira.

Gogoratu behar da atzelari oiartzuarra ez dagoela azken asteotan beren egoera salatu nahi izan duten pilotarien artean, eta igandean CaixaBank Mastersaren finala jokatu aurretik, zenbait kide berarekin gaizki portatu direla salatu zuen publikoki.

«Nire ustez Anderren adierazpenak ez dira batere zuzenak. Egia da hasieratik taldearekin zegoela, gauzak gaizki ateratzen baziren taldearen babesa izateko denok bezala, baina kontratua berritu behar genuenok dokumentu bat sinatu genuen esanez ez genuela ezer sinatuko ERTEtik ateratzeko enpresaren aldetik kolektiboarentzat erantzun bat izan arte. Eta hori ez zuen bete. Esan genuen kontratua berritzeko denok erantzun bat izan behar genuela, eta hori ere ez zuen bete», esan du Mariezkurrenak.

Baina horrez gain, Imazek pilotarien arteko bileretan adosten zena enpresako ordezkariei helarazten ziela ere salatu du: «Informazioa filtratu duela badakigu, hainbat lankidek hainbat gauza entzun dituztelako elkarrizketa desberdinetan eta informazio hori berez pilotariok bakarrik genekien. Tekniko askok bazekiten zertan ari ginen, zer pauso eman behar genituen, eta hori berez ez zuten jakin beharrik. Gainera, behin Jose Ramon Garaik esan zigun gure taldearen barruan begiak zeudela eta guztiaz enteratzen zela».

Eta oiartzuarrarekin izandako harremanen xehetasun batzuk ere kontatu nahi izan ditu. «Hau guztia pasa ondoren taldean jarraitu nahi zuen, baina guztion artean bozketa bat egin genuen eta ezezkoa atera zen, ez ginen Anderretaz fidatzen eta gure ustez gauza oso larriak egin zituen. Hirugarren aukera bat ere izan zuen orain dela ez asko, nahiz eta pilotarion artean duda handiak izan, eta berak ezetz esan zuen. Nik badakit oso gaizki pasa dituela azken hilabete hauek, baina beste hainbat pilotari ere oso egoera txarrean gaude», zaldu du.

Dirua baino zerbait gehiago

Gainontzean, bere kontratua berritzeko enpresarekin izandako negoziaketei buruz larunbatean kaleratu zuen oharrean esandakoak berretsi ditu.

«Larunbat goizean hainbat pertsonak bidali zidaten Baikok sareetara igo zuen idatzia eta zur eta lur geratu nintzen. Nire ustez zioten guztia gezurra zen eta horregatik aukera ikusi nuen hor idatzi bat egiteko eta nire ikuspuntua argi uzteko», aldarrikatu du.

Argi utzi nahi izan du diru kontua bakarrik ez dela –«honen atzetik gauza asko daude, nire ustez dirua ez da garrantzitsuena, 21 urte ditut eta beste gauza batzuk askoz garrantzitsuagoak dira»–, baina hori ere kontuan hartu behar dela: «Baikoren partetik exigentzia asko ditugu, laguntza gutxi, eta nire ustez hori ere ordaindu behar da. Geunden egoeran egoteko, gastu ikaragarriekin eta diru gutxi irabazteko, horrela jarraitzea ez da egokia».

Baikoren jarrerarekin ere kritiko azaldu da: «Haientzako onurak ikusten dituzte bakarrik, pilotariok zenbakiak izango bagina bezala hartzen gaituzte, eta nire ustez ez dira konturatzen negozio honen punta gu garela, guk generatzen dugula gehiena eta ez dira gu ongi tratazen ari».

Pilotariek egindako agerraldia beharrezkoa zela ere esan du, arazoak askoz lehenagotik zetozelako. «Ez genuen ezer askorik eskatzen: gurekin elkarrizketa bat izatea eta ea zerbaitetara iristen ginen ikustea. Baina ez dugu erantzunik jaso ere egin. Eta horrela oso zaila da», defendatu du.

Eta azkenik, magisteritzako laugarren maila osatzekotan dagoela jakinaraztearekin batera –«nahiz eta Baikok asko lagundu ez»–, pilotan jokatzen segitzeko gogoz dagoela onartu du.

«Oraingoz afizionatu mailan jokatuko dut, ilusioz gainezka nago, duela hilabete baino gehiago ez dudala partidarik jokatu, eta orain gainera etxean konfinatuta nago –PCR proban positibo eman zuen–. Gogoz nago berriz jokatzeko», amaitu du Mariezkurrenak.