NAIZ

Torraren kontrako epaiak kritikak jaso ditu Euskal Herrian ere bai

Kataluniako Generalitateko president Quim Torra kargurik gabe uzten duen Epaitegi Goren espainiarraren erabakiak Euskal Herrian ere kritikak jaso ditu. Elkartasuna ere adierazi diote Kataluniako presidenteari.

Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. (@govern)
Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. (@govern)

Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidentea kargurik gabe uzteko Epaitegi Goren espainolak hartu duen erabakiak kiritikak jaso ditu Euskal Herrian ere bai.

Sare sozialetan zabaldu duen mezu baten bidez, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak «errepresioaren aurrean, demokrazia gehiago» aldarrikatu du. Elkartasuna adierazi dio Torrari eta «herriak aukeratu zuen eta soilik herriari dagokio epaitzea», gaineratu du. «Endavant! (aurrera)» ere idatzi du.

EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak ere sare sozialak erabili ditu Torraren kontrako epaia salatzeko eta elkartasuna adierazteko. Afera politikoak epaitegietan konpontzea ez dela egokia gaineratu du Kongresuko hautetsiak, konponbide politikoak beharrezkoak direla nabarmenduz.

Koalizioaren sare sozialetatik elkartasuna adierazi diote Torra presidenteari, Gorenaren epaia «oinarrizko balio demokratikoen aurkako erasoa» dela gaineratuz. Honez gain, presidenteak jartzeko eta kentzeko eskubidea herritarrena dela aldarrikatu du, «eta ez ilunpean aritzen diren Estatuko botere juridikoak».

Ohar batean salatu du «Quim Torra Generalitateko presidentea gaitasunik gabe uzteak oinarrizko printzipio demokratikoei egiten dien erasoa. Tamaina honetako erabakia, herritarrek demokratikoki aukeratutako presidente bat kargu gabe uzteak dakarren garrantzi handiarekin, Kataluniako herritarrek adierazitako borondatearen aurkako kolpe demokratikoa da».

«Auzitegi Gorenak hartutako erabakia oso larria da, eta agerian uzten du Espainiako Estatuan ez garela demokrazia oso batean bizi. Hori dela eta, EH Bilduk Quim Torra presidenteari eta Kataluniako herritar guztiei elkartasuna eta babesa adierazi nahi die», gaineratu du.

Urkulluren adierazpena

«40 urte hauetan Joaquim Torra izan da bere eskuduntzak gauzatzeko gaitasunik gabe utzi duten Generalitateko lehen presidentea», adierazi du Iñigo Urkullu Lakuako Gobernuko lehendakariak.

«Hauteskunde Batzorde Zentralaren errekerimenduak —hauteskunde-kanpainan izandako gertakariak zirelako— eta Presidenteak berak desobedientzia aitortu zuela kontuan hartu arren, alde handia dago jatorrizko gertakariaren —Generalitateko balkoitik inolako Giza Eskubiderik urratzen ez zuen aldarrikapen-pankarta bat ez erretiratzea— eta azken emaitzaren —Presidentearen desgaikuntza— artean», gaineratu du Urkulluk.

«Hala espero zen arren, erabaki horrek ez du batere laguntzen garrantzi handiko erakunde- eta politika-mailako auzi bati irtenbidea ematen. Gainera, sentsibilitate sanitario, emozional, ekonomiko eta sozial berezi baten testuinguruan gertatu da», erantsi du Lakuako Gobernuak.

«Gure ardura irtenbide politikoa bilatzeko bideak eskaintzea da, adostasuna benetan lortzeko borondatea erakusten duten negoziazioaren eta elkarrizketaren bitartez», gaineratu du.

EAJ

EAJren zuzendaritzak Torraren gaitasungabetzea deitoratu du eta «erabateko desadostasuna» adierazi du. «Estatuko botere ezberdinen aldetik ‘procés’ izenekoaren inguruan hartu den enegarren erabaki okerra izan da» Euzkai Buru Batzarrarentzat. Torrari eta «Kataluniako herri osoari» elkartasuna adierazi die, eta Kataluniako gatazka «ebazpen judizialen bidez» ez dela konponduko nabarmendu du, «ezta espetxeratzeen bidez ere, baizik eta elkarrizketaren bidez, politika eta negoziaketarekin eta, azken finean, Kataluniako hiritarrek askatasunez eta demokraziaren bidetik adierazitako borondatea errespetatuz».

ELAren elkartasuna

ELA sindikatuak ere elkartasuna adierazi dio Torrari eta pairatu duen jazarpen politikoa salatu du. «ELAk hasieratik txalotu du Kataluniako arduradun politikoek erakutsi duten ausardia politikoa, eta bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko herriak egindako bide eredugarria goraipatu ere. Era berean, espainiar Gobernuaren errepresioa deitoratzen du, euren etorkizuna modu libre eta demokratikoan erabakitzeko bidea egin duten buruzagi politikoen askatasuna exijituz», gaineratu du sindikatuak.

Eleak mugimenduak ere Torraren kontrako epaia salatu du, «Kataluniako herriaren eta herritarren oinarrizko eskubide sozial, zibil eta politikoa zapuztea» dela nabarmenduz.