NAIZ

Autogobernua sakontzen jarraitzeko Estatutua egoki ikusten du Markel Olanok

Autogobernua sakontzeko beharra nabarmendu du Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok herrialde honetako politika orokorreko plenoan. Ildo horretan orain arte Gernikako Estatutuak izan duen balorea nabarmendu du. EH Bilduk elkarlanerako prest dagoela adierazi dio, baina «lehentasunak aldatu» behar direla eta udalak ere kontuan hartu behar direla nabarmendu du.

Markel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, artxiboko irudi batean. (Jon URBE/FOKU)
Markel Olano, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, artxiboko irudi batean. (Jon URBE/FOKU)

Autogobernuan sakontzen jarraitzeko apustua egin du Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak herrialde honetako Batzar Nagusietan egin den politika orokorreko plenoan. Gernikako Estatutua goraipatu duen Olanoren arabera, horretarako «beharrezkoak diren akordioak» egin behar dira, «baina euskal jendarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubideari uko egin gabe».

Gipuzkoak dituen erronken artean, «berpizte demokratikoa» dago. Nabarmendu duenez, «gure herriaren historia hurbila ETAren terrorismoak eta beste indarkeriek izan dute ondorio itzel eta dramatikoek baldintzatu zuten».

«Gaur, zorionez, sasoi politiko desberdin baten gaude, baina garaiak gainditzeko premia soziak eta politikoak ezin dute alboratu beharrezkoa den autokritika, datozen belaunaldien pedagogia demokratikoa indartzeko», adierazi du Olanok.

Olanoren arabera, ahaleginak egin behar dira elkarbizitza demokratikoa indartzeko.

Honekin batera, Gernikako Estatutuaren bertuteak goraipatu ditu, egun dagoen autogobernu maila ezartzeko balio izan duela nabarmenduz. Horien aurrean jarrera zentralistak izan dira eta baita ere «Gernikako Estatua Euskal Herriaren aldarrikapenak zapuzteko» diotenak.

Kataluniako herritarrei sostengua adierazi ondoren, Euskal Herriko autogobernuak legitimitate osoa duela gaineratu du Olanok. Horregatik, autogobernua sakontzeko hautua egin du, «baina euskal jendarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubideari uko egin gabe».

EH Bildu: «Elkarlanaren alde gaude»

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak autokritikarik ez egitea leporatu dio Markel Olanori, eta «dena» ez dela koronabirusaren ondorio nabarmendu du. «Hemen lehendik ere gauzak oso gaizki zeuden Gipzkoan, gogoratu behar dugu egoitzetan zein egoeratan zeuden eta dauden, ekonomian ere lehen sektorea krisi larrian zegoen, enpresa asko bezala, eta komertzioen egoera ere denok ezagutzen dugu nolakoa zen hau hasi aurretik».

Bidesarien aurkako epaiak ere aipatu ditu, hori ere «covid-19a baino lehenago».

EH Bilduren iritziz, «gauzak bste modu batera egin behar dira eta lehentasunak aldatu behar dira, publikotasunaren alde, ingurumena errespetatuz, kontsumismoa jaitsiz, desoreka sozialak gaindituz... hemen planteatzen dira ‘partxeo kointural’ batzuk eta ez aldaketa estrukturalak», erantsi du. Ildo beretik, zerga politikan aldaketak eskatu ditu: «Errekurtso gehiago behar dira eta horretarako ezinbestekoa izango da gehio dutenek gehio ordaintzea».

Olanori laguntza eskaini dio Izagirrek elkarlanerako guneak sortzeko, baina gehitu du hori lortzeko kolektiboki egin beharko dela, herritarrekin, eragileekin eta udalekin ere bai. «Udalek erakutsi dute krisi honetan arazoei erantzuteko gaitasuna, azkartasuna eta eraginkortasuna badutela», adierazi du Izagirrek.

«Elkarlanaren alde gaude eta gure konpromisoa duzue horretarako. Hori bai, zehaztu dezagun zertaz ari garen hitz egiten. Auzolanaren ideia edukiz hustu eta marketing modura erabiltzeari utzi behar zaio», azaldu dio diputatu nagusiari.