NAIZ
DONOSTIA

Balenciagaren irudian eta ondarean sakontzeko Nazioarteko I. Biltzarra antolatu du Museoak

Urte hasieran Balenciaga Museoak aurreratu zuenez, berezia da 2020 Cristobal Balenciaga jostuna eta disenatzailea jaio zela 125 urte betetzen baitira. Haren figurari hubilketa izango da bi egunez on line izango den nazioarteko biltzar akademikoa. Guztira, adituek egindako hamahiru ikerketa proposamen aletuko dira.

Balenciagaren figuran sakontzen laguntzen du egun zabalik den erakusketak (Juan Carlos RUIZ I FOKU).
Balenciagaren figuran sakontzen laguntzen du egun zabalik den erakusketak (Juan Carlos RUIZ I FOKU).

Goi-mailako joskintzako maisuaren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko, Cristobal Balenciagari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra aurkeztu du izen bereko Museoak eta, bertan, urriaren 1ean eta 2an zehazki, hamahiru ikerketa-proposamen mahai gaineratuko dira. Guztiak, iazko urrian ikertzaileentzako call for papers delakoan jasotako 50 proposamen baino gehiagoren artean hautatuak izan dira.

Nazioarteko biltzar akademiko honek plataforma bat izan nahi du jostunaren irudiari eta ondareari buruzko lan eta ikerketa-proposamen berritzaileak eta kalitatezkoak azaltzeko, arlo guztietan gainera, dela esparru pertsonala, enpresarena, sormenarena, teknikarena…. Era berean, Balenciagaren biografia, kultura eta lan-testuinguruak aztertzen dituzten ikerketak azaltzeko ere aukera aurkeztuko du Biltzarrak.

Museoak berak ohar bidez azaldu duenez, Balenciagaren irudiaren garrantzia dela eta, modaren historiatik ez ezik, beste ikerketa-eremu batzuetatik datozen proposamenak ere aukeratu dira, hala nola eremu ekonomikotik, komunikatibotik eta artistikotik, zentzu zabalean. Biltzarrean parte hartuko duten hizlariak mundu akademikoarekin, museistikoarekin edo moda eta diseinuarekin zerikusia dutenak dira, eta AEB, Kanada, Mexiko, Erresuma Batua, Danimarka, Holanda, Italia eta Estatu espainiarrekoak dira.

Balenciagan sakontzeko bi egun

Biltzarra bi egunetan izango da, urriaren 1ean eta 2an, arratsaldez eta epea zabalik dago izena emateko. Lehenengo egunean alderdi biografikoak eta goi-mailako joskintzako maisuaren legatua aztertuko dira. Balenciagak bizitza profesional luzea izan zuen, eta, Donostia, Madril, Bartzelona eta Parisen ibili zenez lanean, harreman profesional eta sozial ugari izan zuen; ondorioz, Balenciagaren biografia aztertzea lan konplexua da, eta, gaur egun, zenbait alderdi aztertu gabe daude oraindik.

Bigarren egunean Balenciaga ekintzailearen berri izango dugu. Atal honetan, jostunaren ehun-hornitzaile nabarmenenetako batzuen hautaketaz hitz egingo da, baita Europako zenbait hiritan egindako Balenciagaren lizentzien salmentaz eta  merkatu horren testuinguruaz ere.

Azkenengo blokea, ‘Balenciaga sortzailea: alderdi tekniko eta artistikoak’ izenekoa, Balenciagaren obraren konplexutasun teknikoan oinarrituko da, ‘Balenciaga estiloa’ esaten zaionaren itxuran, iturri estetiko jakin batzuk baititu sorburuan.

Cristobal Balenciagaren ezagutza zabala duten aditu ospetsuek osatutako batzorde zientifikoak –Miren Arzalluz (Palais Galliera, Paris), Gaspard de Massé (Archive Balenciaga, Paris), Lesley E. Miller (Victoria and Albert Museum, Londres), Caroline Evans (Central Saint Martins, Londres), eta Valerie Steele-k (Fashion Institute of Technology, New York), besteak beste–, aukeratu dituzte Biltzarrean komunikatuko diren ikerketa-proposamena.