NAIZ

Osakidetzako azpikontraten langileak kalera aterako dira «publifikazioa» aldarrikatzeko

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek iragarri dutenez, urriaren 1ean eta 3an Osakidetzako azpikontraten langileak kalera aterako dira. «Azpikontratatutako zerbitzuak sistema publikora itzultzea eskatzen dugu, enplegu eta langile guztien lan-baldintzak bermatuko dituen zerbitzuen publifikazioa eskatzen dugu», azpimarratu dute.

Pasa den astean Donostian egindako elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Pasa den astean Donostian egindako elkarretaratzea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Osakidetzako azpikontraten langileak kalera aterako dira urriaren 1ean eta 3an pairatzen duten prekarietatea salatzeko. «Lan-gainkarga, baliabide-falta, behin-behinekotasuna, kontratazioen partzialtasuna eta segurtasun-neurrien falta gure osasun-sistemaren egiturazko arazoak dira. Gaur egun, birusaren bigarren olatu hasiberri baten aurrean gaude, eta egoera horrek are larriagoa egiten du baliabide faltaren arazoa», nabarmendu dute ohar batean ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek.

Adierazi dutenez, «egoera are larriagoa da zerbitzu jakin batzuk interes pribatuen esku jartzen direnean, hala gertatzen da garbiketa, anbulantzia eta Osakidetzako sukalde eta kafetegien kasuan». «Osasun-sistemaren zati bat negozio-objektu bihurtzeak esan nahi du horiek kudeatzen dituzten enpresak kezkatuago egotea euren etekinak optimizatzen enplegu eta zerbitzu segurua bermatzen baino. Osakidetzako langileen esparruan, baliabide falta egitate bat bada, arazoa larriagotu egiten da gure sektoreetan. Pandemiak iraun bitartean, segurtasun-neurrien faltak, langileen, erabiltzaileen eta gure familien osasuna arriskuan jartzea eragin du», gaineratu dute.

«Pandemia honek agerian utzi du pertsonen osasuna ezin dela negozioaren xede izan, ezta interes pribatuen mende egon ere. Halaber, agerian utzi du zeintzuk garen oinarrizko zerbitzuak ematen ditugunak, oso egoera gogorrean lehen lerroan egon garenak. Gure lana funtsezkoa bada, zerbitzu publikoa ematen badugu, gure enpleguek ere hala izan behar dutela aldarrikatzen dugu; horregatik, azpikontratatutako zerbitzuak sistema publikora itzultzea eskatzen dugu, enplegu eta langile guztien lan-baldintzak bermatuko dituen zerbitzuen publifikazioa eskatzen dugu», azpimarratu dute.

Osakidetzako azpikontratetako garbiketa, anbulantzia eta jantoki zein kafetegietako langileok elkarretaratzeak deitu dituzte Gurutzeta, Donostia eta Txagorritxuko ospitaletan. 11.00etan egingo dira urriaren 1ean.