Dabid Lazkanoiturburu

Irakiarren matxinadaren lehen urteurrenean ez da ezer aldatu

2019ko urrian, ustelkeriak eta paternalismo irandar eta estatubatuarrek gidatzen duten sistema bertan behera uztea exijitzen hasi ziren kalean. Urtebete eta 600 hildakoren ostean, aldaketa bat bera ere ez da somatu eta Irak amildegi ekonomikoaren eta politikoaren aurrean dago.

Manifestariak Tigriseko zubia zeharkatu nahian Gobernuaren egoitza hartzen duen Gune Berdera iristeko. (AFP)
Manifestariak Tigriseko zubia zeharkatu nahian Gobernuaren egoitza hartzen duen Gune Berdera iristeko. (AFP)

2019. urteko urriaren 1ean, gaur urtebete, milaka irakiar kalera atera ziren. AEBei edo Irani «saldutako» politikariak, zerbitzu publikoen falta, gazteen artean langabezia… salaketa zerrenda luzea zuten.  

Xiitak ziren manifestari gehienak eta horrek kezka handia sortu zuen Bagdaden –eta Teheranen–. Gehiengo xiitatik sortutako alderdi konfesionalek dute egun boterea Iraken. Kurduek agenda propioa dute, egoera gertutik jarraitzen badute ere. Gutxiengo suniak nahikoa lan du pairatzen duen errepresioa, diskriminazioa eta demonizazioarekin.

Manifestariak sistema konfesionalaren aurka azaltzen ziren. Ezin da ahaztu irakiar xiitak ez direla historikoki oso erlijio zaleak eta politikoki asko oso aurrerakoiak ziren Saddam Husseinen erregimenaren pean, eta orduko Alderdi Komunistak nahikoa indar zuen Bagdaden eta Irakeko hegoalde xiitan.

Adel Abdel Mahdi orduko lehen ministroak kargua utzi behar izan zuen protesten ondorioz eta Moustafa al-Kazimik ordezkatu zuen baina erreforma bat bera ere ez da egin.

Petrolioaren prezioaren beherakadak aurrekontu publikoaren arazoa areagotu du. Izan ere, kanpotik diru iturri bakarra urre beltza du Irakek. Inor ez da ustelkeria dela eta atxilotua.

Are gehiago, manifestazioen errepresioan eta gerra zikinean –dozenaka dira desagertuta jarraitzen duten ekintzaileak– 600dik gora hildakoen auzia ez da aztertu ere egin.

Egunero irteten zen jendea kalera lehen hilabeteetan. Baina Qassem Soleimani general irandarraren hilketak, AEBek bere gain hartu zuenak, milizia xiitak sutan jarri eta manifestariak mehatxatzera eraman zuen.

Jendea beldurtu egin zen eta martxoan hasi zen koronabirusaren pandemiak etxean geratzea behartu zuen. Hala ere, adituen ustez, edozein momentuan itzuli daitezke manifestazioak.

Kazimiren Gobernuak teorian bere egin ditu manifestarien aldarrikapenak eta hauteskunde aurreratuak deitu ditu 2021eko ekainaren 6rako. Lehen ministroak berak «trantsizio-gobernu baten burua» dela dio baina hauteskundeetan aurkeztu ala ez, horretan agortzen ditu energia guztiak.

Krisi ekonomiko larria

Jendeak, ordea, eskaera prosaikoak ere baditu, argi-indarra, irakiarren %60 osatzen duten gazteentzako lana –herena langabezian dago, datu ofizialen arabera–.

Gobernuak ehunka funtzionari kontratatu ditu –dagoeneko soldata hauek dira Iraken gastu handiena–, baina oso gutxi dira. Dozenaka diplomadun gaztek ministeritzen aurrean igarotzen dituzte egunak lan eske.

2020ko aurrekontua onartu gabe dago eta Gobernuak «liburu zuria» iragarri zuen iraila baino lehenagorako. Urrian gaude, jada, eta Gobernuak ez du mailegu berriak kontratatzeko aukerarik.

Pobreziaren tasa bikoiztu egingo da aurten, %40ra iritsiz. Koronabirusak agerian utzi du ospitaleetan ez daudela ez medioak ezta trebatutako pertsonala ere. Pandemia «kontrolik gabe» dagoela onartu du Osasun Ministeritzak.

Azkenik, segurtasun falta nabaria da eta milizia xiitek Gobernuaren edo Iranen aurka dauden manifestariak jipoitzen, desagerrarazten edo hiltzen jarraitzen dute. «Badakigu zeintzuk diren erantzuleak eta non dauden baina ezinezkoa da atxilotzea edo salatzea», onartu du Gobernuaren arduradun anonimo batek. «Oso tentuz ibiltzeko kontua da»