Amalur Artola

Euskal kulturak birika bat galdu du Plateruenaren itxierarekin batera

Agur esan du Plateruenak. Eta, horrekin batera, birika bat galdu du euskalgintzak. Ia bi hamarkadaz euskal kulturaren arnasgune izan den espazioak ateak itxiko dituela iragarri du arrazoi ekonomikoak argudiatuz. Umezurtz asko utziko ditu. Plateruenaren irakaspenak ondo gogoan hartuko dituzten umezurtzak.

Durangoko Plateruenak ateak itxi behar dituela jakinarazi du.
Durangoko Plateruenak ateak itxi behar dituela jakinarazi du.

Odola izoztu zaio askori Durangoko Plateruenak ateak itxi behar dituela jakin berritan. Eraikin bat, adreilu eta teila multzo bat, euskal kultura duindu eta gure sortzaileak nazioarteko edozein artistaren maila berera eraman zitzakeen espazioa bilaka zitekeela erakutsi du Plateruena proiektuak.

«2004an zabaldu genuen eta, egia esaten badizut, orain ez nintzateke ausartuko horrelako zerbait egitera», azaldu digu Asier Iturriagak, Plateruena kooperatibako bazkide eta aretoko lehen kultura programatzaile izan zenak. Poza eta tristura, soinean biak daramatzala aitortu du, aretoa ixtearekin batera zerbait galduko den kontzientziaz baina, aldi berean, berekin zerbait handia daramala dakielako harrotasunaz. «Nire bizitzako etapa garrantzitsuenetakoa izan da Plateruenakoa eta beti eskertua egongo naiz horregatik, niretzat pertsonalki, eta Berbaroren bidez kolektiboki, oso esperientzia aberasgarria izan baita», ziurtatu du.

Antzerako aldartea erakutsi du Ihintza Orbegozok. Azken lau urteetan berak hartu du kultura programazioaren ardura. Urte nekezak bizitzea tokatu zaiola dio. «Gogorra izan da, ni jada gauzak ondo ez zeudenean sartu nintzelako», esan du, baina aretoaren urrezko aroa ondo gogoan du. «Askotan izan naiz hemen, kontzertuetan, parrandan, bazkaltzen... Hemen lanean hastea amets bat izan zen niretzat. Beraz, gogorra eta polita izan da aldi berean, irakaspen handia izan delako eta beste modu batean ezagutuko ez nukeen jendea ezagutu dudalako. Aberasgarria izan da eta pena dezenterekin ixten dugu, baina aldi berean pozik eta harro honen parte izateaz», ziurtatu du.

Asteartean, irailaren 29an, ezohiko batzarrean erabaki zuten Plateruena ixtea. Arazo ekonomikoek irteerarik gabeko kalexkara gidatu dituela aitortu dute. «Gehien eragin duena kontsumo ohiturak aldatu izana da –argudiatu du Ihintzak–. Hemengo eredu ekonomikoa lehengo kontsumo ohiturei lotua egon da, jende askoko ekitaldiak, kontzertu potoloak, bazkari handiak, Durangoko Azoka, parranda giroa... Baina hori dena aldatu egin da eta aurtengo kolpea jada ikaragarria izan da». Pandemiak hilabete luzez ateak ixtera behartu zituen eta «orain zabal genezake, baina edukiera mugatuarekin eta ordutegi estuarekin... ez dago jai ganorazkorik, Azoka ere, gure diru sarrera garrantzitsuetako bat, ez da izango azken urteetakoa, eta aurreikusia dugu diru sarrerarik ez dela apenas egongo».

Itxieraren aukera mahai gainean jartzea, noski, gogorra izan dela diote. «Erabakia hartzea izan da egin dugun gauzarik zailena. Bazkideek bazekiten zertara zihoazen batzarrera eta nahiko gogorra izan zen zenbakiak horren gordin agertzea, baina uste dugu ondo azaldu zela dena eta jendeak ulertu duela egoera, ikusi duela ez dagoela beste irtenbiderik», esan du.

Azken hilabeteak espazioa berrasmatu nahian eman dituzte, itxierari alternatibak bilatzen, «baina ideiak egon diren arren espazio honek dituen dimentsioak ditu, eta ez da erraza. Asko pentsatu dugu, buelta asko eman dizkiegu zenbakiei, baina bide bakarra hau dela ikusi da».

Proiektuaren biografia

Plateruena proiektua Berbaro Durangoko euskara elkartearen ekimenez sortu zen, euskarak akademiatik kalerako, jendarterako, jauzia egin behar zuen ustearekin, Berbaro taberna ireki zutenean. Kafea eta garagardoak zerbitzatzen zituzten, euskaraz, eta hizkuntza horretan zebilen kultura munduarentzat erakusleiho bilakatu zen: kontzertuak antolatu zituzten, baita antzerki eta solasaldiak ere, erakusketak, ipuin kontalariak... Euskal kultura munduarentzat erreferentzial bilakatuak ziren.

2002an sortu zen egun Plateruena hartzen duen eraikinera aldatzeko aukera. Durangoko Udalak Landako Gunea eraikitzeko lehiaketa publikoa ireki zuen eta hari jan-edana emango zion ostalaritza gune bat zegoen aurreikusia proiektuan. Ez zuten birritan pentsatu. «Berbaron ekitaldi txikiak egiten genituen eta Plateruenarakoa bat-bateko jauzia izan zen. Ni orduan kultura programazioaren arduraduna nintzen eta lehenengo egunetik gauza pila bat ikasi behar izan nituen... Plateruenara nire ametsik onenean ere imajinatuko ez nituzkeen kulturgile eta sortzaileak inguratu ziren», oroitu du Iturriagak.

Arrakasta izan zuen ekimenak eta, hala, hamasei urtean, 2.139 hitzordu hartzera iritsi da aretoa. Izen handiko artistei eta oholtza urratzen hasiak zirenei, biei egin die leku Plateruenak. Berri Txarrak, Xabier Lete, Izaro, Vetusta Morla, Maialen Lujanbio, Debbie Harry, Mari Luz Esteban, Nacho Vegas, Clem Snide, Swans... Etxeko eta atzerriko dozenaka musikari, antzezle, pentsalari, poeta eta, oro har, kulturgile eta sortzaileri eman die euren mezua zabaltzeko aukera.

Proiektua gauzatzeko, baina, lagun askoren izerdia eta ahalegin ekonomikoa behar izan ziren. Plateruena Kooperatibatik adierazi dutenez, 1.405.000 euroko inbertsioa egin da hemezortzi urtean. Lehen multzoa Berbaro euskara elkarteak jarri zuen (%20), batez ere tabernaren salmentatik lortutako etekinak proiektu berrira bideratuta. Erakunde publikoengana ere jo zuten sostengu eske, baina Jaurlaritzaren laguntza txiki bat soilik jaso zuten. Halaxe sortu zen Plateruena Kooperatiba, herritarren eta elkarteen babesa eta dirua (%44) batu zituena proiektura. Kopurua osatzeko behar zuten %7a lortzeko zorpetu egin ziren.

Diru hori galdutzat jotzen dute Orbegozok eta Iturriagak. «Etekinik balego banaketa bazkideen ekarpenaren arabera egingo litzateke, baina 2009ko kooperatibako batzar nagusi batean jada onartu zen etekinik ez egotea aurreikusten zela. Ez dugu uste ezer geratuko denik», uste du Iturriagak.

Geratuko dena %7ko zor hori da. «Baina guk oso garbi geneukan hornitzaile txikiekin ez genuela zorrik eduki nahi, beraz, zor bakarra bankuarekin izango da», argitu du Orbegozok.

Edozein jarduera ekonomikoren etetek bezala, Plateruenaren itxierak langabeak ere utziko ditu: zortzi lagunek galduko dute lanpostua. «Hasiera-hasieratik, erabakia hartu aurretik eurekin batzartu gara eta lanean ari gara, ahalik eta baldintza onenekin gera daitezen», ziurtatu du Orbegozok.

Plateruenako ateak jada itxita badaude ere, ofizialki abenduaren 31ean etengo du jarduna aretoak. Ordura arte ekitaldiak hartzeko soilik irekiko da aretoa, ez du ostalaritza zerbitzurik emango.

#PlateruenaEzItxi

Itxieraren aurrean euskal kultura komunitateak izandako erantzunarekin hunkituta agertu dira Orbegozo eta Iturriaga. «Ematen du inork ez zuela espero Plateruena itxiko zenik. Agian Durangon intuitiboagoa zen, baina herri mailan ere jende bat harritu egin da albistearekin, eta Euskal Herri mailan zer esan... Erantzuna ikaragarria izan da, traol bat ere sortu dute!».

Iragarpenak sareak astindu ditu eta #PlateruenaEzItxi traolpean bisitari, lagun eta bidaide izan dituzten dozenaka pertsonaren esker eta maitasun mezuak ari dira jasotzen. «Ez genuen espero horrenbesteko babesa. Apur bat harrituta gaude. Egia da hasieratik kulturgileekin bat egin dugula bide hau eta zerbaiten parte sentitu garela, beraz, poztu gara beraien babes hori sentitzeaz», gaineratu du Iturriagak.

Behin eraikina Udalaren esku utzita, esperantza dute Plateruena kultur egitasmo berri baten gordailu bilakatuko dela, herritik eta herriarentzat sortua, euskarari eta kulturari espazio duina emango diona.

Hortaz, Plateruenak ateak itxiko ditu. Edo hobeto esan, Plateruena hartzen duen eraikinak. Proiektua herritik sortua, sustatua eta elikatua izan den bezala, haren oinarrian dauden balore eta irakaspenak ere herrian geratuko direlako. Bidea ez da alferrik urratu. Plateruena, agian, lehen irakaspena besterik ez da izan.

 

Lekukoa udalaren eskuetan dago orain

Plateruena itxi egingo da, horrek ez du atzera bueltarik. Baina kultura proiektua hazten ikusi duen eraikinak bertan jarraituko du eta, Plateruena Kooperatibako bazkide Ihintza Orbegozok eta Asier Iturriagak argitu dutenez, proiektuaren arima bere egingo lukeen kultura egitasmoa ari da garatzen Durangoko Udala.

«Hasieratik hitz egin dugu eurekin eta hainbat bilera izan ditugu, azkenean eraikina udal jabetzakoa delako eta ardura dugulako, kooperatiba desegitean –ofizialki abenduaren 31n– eraikinarekin zer gertatuko den jakin nahi dugu», azaldu du Orbegozok.

Bilera horietan hitz egin dutenaren arabera, Durangoko Udalak «herriarentzako kultur proiektu batekin jarraitzeko borondatea» badu, eta kooperatibako kideak eskua luzatzeko prest agertu dira, «azkenean etxea guk ezagutzen dugulako. Parte hartzeko modurik badugu, gu pozik».

Bilera horietan herritarrekin eta elkarte ezberdinekin hausnarketa prozesu bat irekitzeko asmoa dutela adierazi diete Udal ordezkariek. «Hortik ikusiko da proiektu berriren bat sortzen den, baina borondatea behintzat badago», uste du Orbegozok. Iturriagari proiektu berria parte hartzaileagoa izatea gustatuko litzaioke, «norbanako eta taldeen artean adostutako programazio batekin, adibidez. Hori litzateke ideala. Gero, noski, hori zelan gauzatu ikusi beharko litzateke», hausnartu du.

Hala, borondatea badela ikusita, Plateruenan daukaten ikuskizun eta ostalaritza azpiegitura ere Udalaren esku utziko dutela iragarri dute, «herritarren esku jar dezan».

Izan ere, Iturriagak nabarmendu duenez, eredu ekonomikoa izan da Plateruenaren itxiera eragin duena, ez kultura eredua. «Ekonomikoki aurrera egin ezinik geratu gara, baina hau ireki genuenean genituen helburuek berdin jarraitzen dute eta ez dakit zer eratara baina jarraituko dugu horiek bultzatzen eta euskarari eta kulturari dagokien espazio duinaren alde egiten». Orbegozok atera dio punta: «Egia da etorkizunean ere hemen kulturgintza erdigunean jarriko duen proiektu herritar bat egotea nahi genukeela, beste forma bat emanda nahi bada, uste dugulako egingarria dela eta herritarrek eskertuko luketela». Harria, beraz, Durangoko Udalaren teilatuan dago orain.