Amaia U. Lasagabaster

Hasiera onak bultzatuta, Eibarrek Madrid hartuko du igandean

Gorri-urdinek lau puntu eskuratu dituzte aurreko bi jardunaldietan «baina argi daukagu guretzat aurkari guztiak oso zailak direla», esan du Iker Dorronsorok. Arene da armaginen baja bakarra.

Eibarrek lau puntu eskuratu ditu lehen bi jardunaldietan. (SD Eibar)
Eibarrek lau puntu eskuratu ditu lehen bi jardunaldietan. (SD Eibar)

Betisen aurkako garaipenarekin debutatu eta Levanteri puntu bat kendu bi goleko desabantaila euki eta gero. Horrela hasi da denboraldia Eibarrentzat eta horregatik «konfiantza» da armaginen hizketetan gehien entzuten den hitza.

«Aurreko astean alaitasuna ikusi nuen batez ere eta honetan konfiantza ikusten dut gehiago –azaldu du Iker Dorronsorok–. Levanteren aurkako puntu horrek konfiantza handia eman digu. Lanean ikusten da eta, batez ere, azpimarratuko nuke sendo jarraitzera bultzatzen gaituela eta inor ez dela erlaxatu. Eta hori oso oso garrantzitsua da hurrengo partidari begira».
Hori izango da, izan ere, denboraldiaren gako nagusietakoa gorri-urdinentzat beren entrenatzailearen esanetan: inoiz ez erlaxatu eta partida bakoitzari final bat izango balitz bezela ekin. «Argi euki behar dugu partida guztiak direla oso zailak guretzat eta, beraz, une txarrak edozein momentutan heldu daitezkela. Horregatik partida guztiak finalak bezela hartu behar dugu eta saiatu behar gara partida bakoitzean lehiatzen, partida bakoitzeko amaierara aukerekin heltzen… eta partida bakoitzean puntuak lortu baditzakegu, askoz hobe».

Horrrekin batera, orain arteko arrakastaren gakoa taldeak bere lanean sinistea litzateke. «Adibide garbia aurreko larunbatekoa da. 2-0 joan arren, taldeak aurrera jarraitu zuen. Normalena halako partida baten, 2-0 batekin erlajatzea eta azkenean gol gehiago jasotzea izango litzateke baina gure kasuan alderantzizkoa gertatu zen. Taldeak jarraitu zuen borrokatzen azken minutura arte eta hortan dago gure indarra, sinistu egiten dugula borrokatuz lortu daitekela», azpimarratu du entrenatzaile gipuzkoarrak.

Teoria horri hurrengo azterketa Madridek ipiniko dio igandean. Aurrekoekin zerikusi larregirik ez daukan aurkaria baina, berriro ere, Eibarri «zailtasun asko» sortuko dizkiona. «Madrid ere baloiarekin jokatzen eta ekimena bereganatzen saiatzen den taldea da. Baina Betisek eta Levantek lasaitasunez jokatzen duten, kontrola baloiaren bidez eramaten duten bitartean, Madrid oso ona da batez ere baloia lapurtu eta gero –aztertu du Dorronsorok–. Oso bertikalak dira eta tranzisio horiek azkar egiten dituzte, aurkariaren atera ahalik eta azkarren iristen saiatzen dira». Gainera, «defentsak oso baloi irteera ona du, bai motza, bai luzea. Oso adi egon beharko gara, zentralek desplazamendu luzea oso ona dutelako. Baloia lapurtu eta gero oso onak dira transizioetan. Batez ere hegalariak eta aurrelaria oso oso gertutik eta une oro bigilatu beharko ditugu, bestela sufrituko dugu».

Armaginek asteko azken lan-saioa egingo dute bihar Ipuruako anexoan. Ustekaberik ez badago, Arene Altonaga izango da Madriden bisita hartzeko baja bakarra.