Arnaitz Gorriti

Obradoiroren jaurtitzaileak geratuz gero, Gipuzkoa Basketek hurbilago izango du garaipena

Jaime Echenique pibot kolonbiarra «modako jokalari» dela doaz donostiarrak Santiagora, denboraldiko bigarren partida segidan irabazteko asmotan.

Jaime Echenique ez ezik, beste arma batzuek landu behar ditu Gipuzkoa Basketek garaipenak pilatzen joateko. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Jaime Echenique ez ezik, beste arma batzuek landu behar ditu Gipuzkoa Basketek garaipenak pilatzen joateko. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Partida bat Bilbon eta beste bat Burgosen jokatu duen arren, Acunda Gipuzkoa Basketek zapatu hontan jokatu behar du bere aurreneko norgehiagoka etxetik kanpo. Obradoiroren kantxan ariko da talde donostiarra, 20.45etatik aurrera, joan den larunbatean Casademont Zaragozaren aurrean denboraldiko aurreneko garaipena lortu ondoren. Hobetzeko asko duen arren, Marcelo Nicolak zuzentzen duen taldea joko txukuna erakusten ari da denboraldi hasiera hontan eta horrez gain Jaime Echenique pibot kolonbiarra jendearen aurrean erakutsi du, bera baita hasiera hontan ACB Ligako «modako jokalaria».

Alabaina, Obradoirori aurre egiteko Echeniquez gain erasoko beste arma gehiago landu beharko ditu talde gipuzkoarrak. «Aurkariek orain arte egin duguna ikasi eta eraginkor izan ez dadin lan egingo dute. Beraz, gure betebeharra arazo horiei guztiei irtenbidea aurkitzea izango da; talde gisa batez ere, ez norbanakoen talentuari esker.Taldeak gero eta hobeto ulertzen du zernolako lana egin behar duen hobetze aldera, defentsa gogorragoa egiteko batetik, eta bestetik, erasoan ditugun armak hobeto aprobetxatzeko», adierazi du partida bezperan Marcelo Nicola entrenatzaileak.

Aurrean Moncho Fernandezen Obradoiro izango dute donostiarrek. Galiziarrak denboraldi hasiera polita egiten ari dira, aurreneko lau partidetatik hiru irabazi ostean. Horrez gain, iraileko jokalari baliotsuena –MVPa, alegia– ere bertan izango da: Laurynas Birutis pibot lituaniarra. Echenique eta Birutisen arteko dema polita izan liteke, esaterako.

Alabaina, galiziarren kanpoko jaurtitzaileei die beldurrik handiena Marcelo Nicolak. «Jaurtitzaile asko dituzte; urrutitik askotan jaurtitzen dute, berdin kontraerasoan edo estatikoan, abiada bizian. Horrez gain, Birutis nabarmentzen da barrutik. Bada, beren trantsizio jokoa geratu behar dugu eta defentsako errebotea ondo zaindu», ohartarazi du entrenatzaile argentinarrak.

Iraileko aurrekaria

Joan den irailaren 4an elkarren aurka denboraldiaurreko partida jokatu zuten biek ala biek. Orduko hartan Obradoiro luzapenean 92-86 nagusitu zen. Dena den, orduko hartan Echenique, Johnny Dee edo Brandone Francis lako jokalariak falta zitzaizkion talde donostiarrari, eta bestetik, partida hartan 19 puntu sartu zituen Mike Daum nekz ariko da hain maila altuan –agian jokatu ere ez du egingo–, aste osoan ez baitu taldekideekin entrenatu ezkerreko orkatila okertu ondoren. Dena den, Mikel Motos eta Kartal Ozmizrak izango dira larun bat gaueko partida hontako baja seguru bakarrak.

«Partida hura ez da erreferentzia baliagarriegia, talde biek jokalariak falta genituelako. Horregatik, ziur nago partida oso ezberdina izango dela», iritzi dio Marcelo Nicolak.