NAIZ

Alerta laranja Hego Euskal Herrian orduko 100 kilometrotik gorako haize-boladengatik

Alerta laranja aktibatuta dago Nafarroan, orduko 120 kilometro arteko haize-boladak izan daitezkeela-eta. Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban 21.00etan aktibatuko dute. [Eguraldiari buruzko informazio osoa NAIZen webgune berezian]

Haize-bolada indartsuak izango diren arren, ez da espero olatu handirik. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Haize-bolada indartsuak izango diren arren, ez da espero olatu handirik. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Hego haize indartsua dabil atzotik, eta hori dela-eta Kantauri isurialdean eta Pirinioetan orduko 120 kilometroko haize-boladak izan daitezkeela ohartarazi dute adituek. Nafarroan alerta laranja aktibatu dute; ufada indartsuenak gaur gaueko 21.00etatik asteazkeneko 00.00ra espero dira. Nolanahi ere, egunean zehar ere orduko 100 kilometro arteko haizealdiak izan daitezke. 

Aemet agentziaren arabera, tenperatura minimoak igo egingo dira eta maximoak jaitsi.

Nafarroan alerta laranja ezarri badute, EAEn abisu horia dago aktibatuta astelehen iluntzetik. Eta hau alerta laranja izatera pasako da gaurko 21.00etatik aurrea. Lakuako Gobernuko Segurtasun Sailak adierazi duenez, haize-boladak orduko 100 kilometrotik gorakoak izan daitezke leku irekietan eta orduko 80 kilometrotik gorakoak gainerakoetan.

Orain arte, Matxitxakon orduko 101 kilometroko haize-boladak izan dira eta Jaizkibelen 100ekoak. Oiz eta Zaldiaranen ere zifra horietatik gertu egon dira (98 eta 96), Ilardiak eta Kanpezuk, berriz, orduko 82 kilometrokoak erregistratu dituzten bitartean.

Euskalmeten arabera, haizeak nagusiki hegoaldetik eta hego-ekialdetik joko du, eta eraginik handiena, beraz, hasiera batean, EAEko mendialdean eta ekialdean izango du, hau da, Gipuzkoan eta Arabako ekialdean.

Aurreikuspenaren arabera, asteazkeneko 9.00ak arte haizea zakar ibiliko da, eta haize-boladak orduko 100 kilometrotik gorakoak izan litezke mendialdean. Gainerako lekuetan ere haizea zakarra izango da, bereziki Gipuzkoan eta Araba ekialdean, eta orduko 80 kilometroko ufadak izan litezke.

Asteazkenean zehar haizea indarra galtzen joango da pixkanaka.