Jon Ormazabal

Gertuago bai, baina urrun jarraitzen dute Baikok eta greban dauden pilotariak

Gardentasun informatiboari dagokionean eta barne araudian zenbait aurrerapen egon direla onartu badute ere, Ibai Zabala eta Mikel Larunbek ez dute greba bertan behera uzteko arrazoirik ikusten.

Ibai Zabala eta Larunbe, gaurko bilerara bidean. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Ibai Zabala eta Larunbe, gaurko bilerara bidean. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Aurreneko bilerako balorazioa baino okerragoa egiterik zaila zela sinestuta, orain bi aste baina gusturago irten dira Ibai Zabala eta Mikel Larunbe Baikoko ordezkariekin izandako bileratik. Zenbait puntutan, gardentasun ekonomikoa eta barne araudiaren inguruan eztabaidatzen hasi izana positibotzat jo du Berrizgo atzelariak, baina oraindik «benetako eta idatzizko proposamenak» bota dituzte faltan. Horregatik, gertuago bai, baina gaur gaurkoz, greba bertan behera uzteko arrazoirik ez du ikusten Zabalak.

Enpresak, bere aldetik, publiko egin duen ohar batean «pilotari plantila guztiarekin» eta «gaur egun indarrean dagoen egoera kontuan» pausuak aurrera emateko borondatea agertu du, baina horretarako greba bertan behera uzteko eskatzen dio plantoa egiten ari den taldeari. Barne araudian zenbait aldaketa egiteko prest ere agertu da Baiko eta berria negoziatzen duten bitartean zaharra bertan behera uzteko asmoa ere azaldu du bere webean zintzilikatutako oharrean.

Lau kanporatuekin bueltaka

Ulertzen gatzagoa egiten den gaia, euren kontratua berritu ez duten lau pilotariekin –Laso, Mariezkurrena, Victor eta Eskiroz– negoziazioak berriro hartzearena da. Izan ere, Baikok greba komiteari argi utzi dio gaur egun ezin diela lau pilotari horiei eskaintzarik egin, baina ate bat zabaldu du,  EPELen bitartekaritza eta honek proposa ditzakeen formulak aztertzeko prest azalduz. Ezin da ahaztu, ordea, Baiko EPELen erdia dela eta erabil dezaketen formulak zalantza ugari sortzen ditu.

Hemen izango luke lekua atzo Olaizola, Urrutikoetxea, Altuna eta Ezkurdiak egindako proposamena, lau pilotari hauek jakitera eman zutenez, EPELek lau pilotari hauetariko batzuekin negoziatzen hasteko konpromisoa hartu zuen hauekin.

Mugimendu hauen aurrean galdetuta, Ibai Zabalak onartu du nahiko lekuz kanpo utzi zuela atzoko agerraldi honek eta harriduraz hartu du orain dela hilabete elkartea sortzeko proposamenari uko egin zioten Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak orain aukera hori lehenestea. Gainera, elkarte bat sortzeko hilabete inguru behar omen dela esan diete eurei abokatuek eta zalantzan jarri du elkarte hori, gaur gaurkoz, existitzen denik. Ekimena hartu duten lau pilotariei «gardentasun eza» ere egotzi die eta eurekin bildu ez izana ez dun nromaltzat jo.

Prentsaren aurrean adierazpenak egin eta ordu batzuetara, atzelari bizkaitarrak esandakoei ñabardura bat egin nahi izan die sare sozialetan idatzitako mezu baten bitartez. Izan ere, Aimar Olaizolari elkartean parte hartzea ukatu izana gezurtatu du, goizuetarra enpresako teknikari bat izanda, proposamena ez baitzitzaion luzatu.

Elizegiren debuta

Pilotariak edozein unetan negoziatzeko prest agertu diren arren, momentu honetan ez dute greba bertan behera uzteko asmorik eta Baikok prest izango luke erantzuna. Izan ere, ostiral honetan debut berri bat prestatzen ari da Asteasun. Bertako Iker Elizegik Aimar Olaizolarekin jokatuko luke, Urrutikoetxea-Uriondo bizkaitarren aurka.