NAIZ
BILBO

‘Ama Kuraia’ ekoizpen propioa estreinatuko du Arriaga Antzokiak

Bertolt Brechten ‘Ama Kuraia eta bere seme-alabak’ klasikoan oinarritutako ekoizpen propioa estreinatuko du ostegun honetan Arriaga Antzokiak, martxoan aurreikusita zegoen data atzeratu ondotik. Maria Goiricelaya bilbotarrak moldatu du eta zuzendu du antzezlana eta Kepa Errastik burutu du euskararako obrarako egokitzapen lana.

‘Ama Kuraia’ antzezlanaren egokitzapena estreinatuko da bihar Arriaga Antzokian. (Eva GUERRERO)
‘Ama Kuraia’ antzezlanaren egokitzapena estreinatuko da bihar Arriaga Antzokian. (Eva GUERRERO)

Pozez iragarri du Bilboko Arriaga Antzokiak ‘Ama Kuraia’ antzezlanaren estreinaldia, izan ere martxoan oholtzaratzekoa zen obra atzeratu egin behar izan zen ezinbestean. Bertolt Brechten ‘Ama Kuraia eta bere seme-alabak’ klasikoan oinarrituta, antzokiak bi bertsio prestatu ditu, bata euskaraz eta bestea gazteleraz. Ekoizpen berria ostegun honetan, hilaren 22an, estreinatuko da euskaraz, eta larunbata arte ikusi ahal izango da. Datorren astean, urriaren 29tik azaroaren 1era, ‘Madre Coraje’, gaztelaniazko bertsioa estreinatuko da.

Lanaren moldaketa eta zuzendaritza Maria Goiricelayak egin ditu, «euskal eszenan indar gehien duen zuzendarietako bat», azpimarratu du antzokiak. Erronka izan da Brechten estruktura epikoari eustea. Musikari eta plastikari dagokionez euskal kulturaren aipamen bereziak ditu proposamenak, baina jatorrizko bertsio lehor eta gogorraren aldeko apustua egiten du.

Gainera, Goiricelayak, gerrei eta gatazka armatuei buruz hitz egiten dugunean ia aipatu ere egiten ez den alderdietako batean sakondu nahi izan du: emakumeak. «Emakumeak beti izan dira gerren alboko kalteak. ‘Ama Kuraia’ honetan gerrari eta gerrak sortzen duen negozioari buruz egiten da berba, baina ez dira gerrako arma gisa erabiltzen diren bortxaketak ahazten. Brechten maisu-lan horren barruan zuzendariak gertakari hori salatzen duten zenbait ukitu berreskuratu gura izan ditu, gerraren krudeltasuna nabarmentzeko eta maiz isilarazten den horri buruz berba egiteko», aurreratu du antzokiak, ohar bidez.

‘Ama Kuraia’ lan honetan Itziar Lazkanok (gaztelaniaz) eta Ione Irazabalek (euskaraz) ematen diote bizia Ana Fierling pertsonaia ezagunari. Protagonista ez diren hizkuntzako bertsioan, bi emakumeak erreklutatzailea, arma-zaina eta nekazaria izango dira. Gainerako antzezleak dira Ane Pikaza, Eneko Sagardoy, Mikel Losada, Miren Gaztañaga, Iñaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Díez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrian Garcia de los Ojos eta Mikel Martinez.

Arriaga Antzokiaren ekoizpen-lan berritik azpimarragarria da, era berean, musika. ‘Ama Kuraia’-k Jon Aguirrezabalaga euskal konposatzailearen eta ekoizlearen ekarpena izan du eta, abesti berriak idazteaz gain, jatorrizko libretoko zenbait melodia antzezlanaren soinu paisaiara egokitu ditu.

Gerrak negozioa dira

«Gerra negozioen jarraipena baino ez da, beste medio batzuk erabiliz, baina gerran negozio handiak ez ditu jende umilak egiten, eta gerran gizakien bertuteak hilkor bilakatzen dira», zioen Bertolt Brecht-ek.

Horretaz mintzo da ‘Ama Kuraia’. Gerra negozioa dela badaki Ana Fierlingek. Bi semeekin eta alabarekin mugituko da basakeriaren erditik, bi bandoen eta, aldi berean, ez baten ez bestearen artean. Gizakiaren biziraupenaren krudeltasuna ardatz nagusi den istorio epiko honetan, materialismoak gain hartzen dio tragediari: «Gerrak sentikortasuna galtzera garamatza, eta gizakiok ikasi barik jarraitzen dugu, akats berberak errepikatuz».