Asier AIESTARAN

Baikoko pilotariek azarora luzatu dute greba deialdia

Onartzen dute astearteko bileran «zenbait punturi buruz sakon eztabaidatu» ahal izan zutela, baina enpresak oraindik ez diola «inolako eskaintzarik egin greba batzordeari». Gainera, uko egin diote Olaizola, Urrutikoetxea, Altuna eta Ezkurdiak bultzatutako elkarte berrian sartzeari, ez duelako bermatzen «parte-hartze demokratikoa».

Baiko eta pilotarien artean egin zen lehen bileraren irudia (Aritz LOIOLA / FOKU)
Baiko eta pilotarien artean egin zen lehen bileraren irudia (Aritz LOIOLA / FOKU)

Baikoko pilotari kolektiboak eta enpresak asteartean Bilbon egindako bileraren ondoren, ELAk ohar bat kaleratu du gaur batzarraren ostean Ibai Zabalak egindako adierazpenak berretsi eta pilotarien greba azarora luzatuko dela jakinaraziz.

Zehazki, greba deialdi berriak datozen egunak hartzen ditu bere baitan: urriaren 30a eta 31a eta azaroaren 1a, 2a, 6a, 7a, 8a, 9a, 13a, 14a, 15a, 16a, 20a, 21a, 22a, 23a, 27a, 28a, 29a eta 30a.

ELAk onartzen du astearteko bileran «zenbait punturi buruz sakon eztabaidatu» ahal izan zutela, baina gehitzen duenez «enpresak oraindik ez dio inolako eskaintzarik egin greba batzordeari eta, hala izanik, greba bertan behera uzteko arrazoi nahikorik ez dago».

«Behin eta berriz azpimarratuko dugu langileak negoziatzeko prest daudela, eta jakin badakitela negoziazio batean bi aldeek uko egin beharko diotela zerbaiti. Baina akordioak lortzeko, beharrezkoa da negoziazio mahaian lasaitasunez eseri eta fede onez negoziatzea, harrotasuna alde batera uztea eta greba eskubideari zor zaion errespetua erakustea», dio ELAk bere oharrean.

Gaineratzen duenez, «azken asteetan Baikoren aldetik ikusi ditugun praktikak ez doaz bide horretan. Aurretik ere esan dugu, ez dugu nahi negoziazio hau gudu legal bat bilakatzerik, baina greba eskubidearen aurkako urraketak pilatzen ari dira».

Proposatutako elkarteari uko

Ohar berean jakinarazten denez, grebarekin bat egin duten pilotariek «aho batez adierazi nahi dute (48 orduko epeari itxaron beharrik gabe) ez dutela bat egingo Aimar Olaizolak, Mikel Urrutikoetxeak, Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak bultzatutako ‘elkartearekin’».

Horren inguruan diote «hasiera-hasieratik» defendatu dutela «elkarte parte-hartzaile baten beharra, sektoreko pelotari guztiei lekua egingo diena, elkartean sartzeko eperik jarriko ez diena eta zuzendaritza karguak inposaketa bidez erabakiko ez dituena». «Horregatik, beti izango gaituzte bidelagun halako elkarte bat sortzeko eta kolektibo gisa ditugun eskubideak eta beharrak defendatzeko».

Baina gehitzen dutenez «guk defendatuko dugun elkarte horrek parte-hartze demokratikoa izan behar du, estatutuak kolektibo osoaren artean adostu beharko dira, lortu nahi diren helburuak guztion artean finkatu, eta bozketa bidez aukeratu elkartearen zuzendaritza, osaera, osaketa, funtzionatzeko moduak eta erabakiak hartzeko prozedurak».

Amaitzeko, hori bai, ELAk eta pilotari kolektikoak uste dute «albiste ona» dela «Baikok eta EPELek hausnarketa bat egin izana eta talde gisa egiten ari garen aldarrikapenen zilegitasuna onartu izana». «Espero dugu jarrera hori greba batzordearekin datozen egunetan egingo diren bileretan islatzea, greba bertan behera utzi ahal izateko eta asteburu honetan bertan berriro lan egiteko aukera izan dezagun».