NAIZ

Greban dauden eskola jantokietako langileek beren lan baldintzak adostea eskatu diote Lakuari

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek asteazken honetarako eta hilaren 27 eta 29rako deitutako greban dauden eskola jantokietako langileek Lakuako Gobernuarekin biltzea eskatu dute, pandemia egoeran dituzten lan baldintzak negoziatzeko eta horri buruzko akordioak lortzeko, «inposatu» beharrean.

Eskoletako Jangeletako langile eta sindikatuek deituriko manifestazioa Bilbon. (Monika DEL VALLE/FOKU).
Eskoletako Jangeletako langile eta sindikatuek deituriko manifestazioa Bilbon. (Monika DEL VALLE/FOKU).

Hiru greba egun deitu dituzte EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan, eta horietatik lehena asteazken honetan gauzatu da. Hala, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, mobilizazioak izan dira hiriburuetan; elkarretaratzeak Gasteiz eta Donostian, eta manifestazioa Bilbon.

Sindikatuek grebak jarreipen «zabala» izan duela adierazi dute. Mobilizazioetan «murrizketarik ez», «Negoziazioa hezkuntzan», «Jantokiak borrokan», «Jantokiak ere hezkuntzaren parte» edo «enplegu gehiago eta prekarietate gutxiago» oihukatu dute, besteak beste.

Lakuak Donostian duen ordezkaritzaren aurrean, Maribel Alberdi langileak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan adierazi duenez, joan den ikasturtearen amaieratik bilera bat eskatu diote Urkulluren Gobernuari, «funtzionamendu protokolo batzuk ezarri ahal izateko», pandemiak sortutako egoeraren aurrean.

«Bagenekien egoera zaila zela, gure ratioak altuak direla, gure lan denborak txikiak direla eta jantokiak masifikatuta daudela, beraz, egoera konplikatua izango zela», azaldu du.

Alberdik salatu duenez, Lakuak ez zion bilera deiari erantzun, eta ikasturtearen hasiera protokolo berri batzuekin egin da, «ratioak, ez lan denborak, ez ezer aldatuz».

Azaldu duenez, jantokietako ikasleen artean distantzia bat jartzea eskatzen zaie, eta horrek «otordu txanda gehiago eskatzen ditu eta ez dago denborarik». «Lan karga asko handitu da eta inprobisatua izaten ari da», salatu du.

Zentzu horretan, jantokien funtzionamendua «ahal dutena egiten ari diren zuzendaritzen esku» utzi dutela esan du.

Bestalde, Gasteizko Gobernuak gaurko eta hilaren 27 eta 29rako deitutako grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» direla salatu du, «sukaldeko langileei eta bi eta hiru urteko haurrekin lan egiten duten langileei ehuneko ehun ezartzen zaielako». «Gure lanean hain ezinbestekoak eta beharrezkoak bagara, kontuan har gaitzatela», eskatu du LABeko ordezkariak.

Bilera

Astearte honetan Lakuarekin izandako bilera «uztailetik eskatutako bilera baterako hartu-eman bat izan dela», adierazi du Alberdik. Bere ustez, «lehen kontaktua da», Lakuak «erantzukizuna» izaten jarraitzea espero du, «irizpide batzuk ezartzeko eta bilera gehiagotan aurrera egiten jarraitzeko».

«Ez gara bilera bat eskatzen ari argazki bat ateratzeko eta biltzeko, akordioak nahi ditugu eta langileekin negozia dezatela», gaineratu du.

«Administrazio Publikoan iluntasun handia ikusten dugu. Harrera egin ziguten, baina ez zituzten entzun gure aldarrikapenak, ez zuten konpromisorik hartu gure helburuak lortzeko balioko zuen inolako neurririk hartzeko», adierazi du ELAk ohar baten bidez.