Naiz

Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala hurrengo urtera atzeratzea erabaki dute

Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala 2021ean jokatuko da, Zigoitian. Covid-19ak sortutako osasun larrialdi egoera dela-eta, atzeratzea erabaki dute. Hala ere, abenduan, txapelketa berezi bat egiteko asmoa dute, gizarteko edozein eremutan ezagun diren herritarrak musean jarriz eta saria Seaskari eskainiz.

Euskal Herriko IX.Mus Txapelketan hartutko irudia.
Euskal Herriko IX.Mus Txapelketan hartutko irudia.

2020ko martxoaren 14ean egitekoa zen XII. Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala Arabako Zigoitian. Covid-19aren zabalpen bizkorrak, baina bertan behera utzi zuen. Izan ere, asteburu horretan bertan ezarri zen espainiar Estatuan alarma egoera. Orduan finala atzeratzea erabaki zuten.

Hasiera batean, maiatzera atzeratzea erabaki zuten. «Garbi dago momentuan epe motzean ez dagoela baldintzarik zazpi herrialdetako 128 bikote segurtasunez biltzeko eta musean aritzeko. Horregatik urtebetez finala atzeratzea erabaki dugu», iragarri dute. Sailkaturiko bikoteen zerrenda badute eta webgunean kontsultatu daiteke. Beraz aurten finalera sailkatu zirenek datorren urtean jokatuko dute Zigoitian. Eta, ondorioz, Euskal Herriko Mus Txapelketak XIII. edizioak urtebete itxaron beharko du.

Hala ere, oraindik, aurten zerbait antolatzeko itxaropenez lanean ari dira. «Abenduan Euskal Herriko zazpi herrialdetako kultur eta kirol eremuko herritarrek osaturiko bikote mixtoekin, musaldi berezia antolatu asmo dugu. Euskara oinarri hartuaz gizarteko edozein eremutan ezagun diren herritarrak musean jarriko ditugu», iragarri dute.

Bikote irabazleak 2.000€ko saria jasoko du eta sari hau Ipar Euskal Herriko Ikastola elkarteko Seaskarentzak izango da dohaintzan. «Uste dugu momentu honetan covid-19 bezala ezaguturiko gaitzari aurre egiteak lehentasuna duela. Horregatik osasuna eta pertsonak erdigunean jarriz aurten, nazio mailan herriz herri burutzen den mus txapelketa ez antolatzea erabaki dugu», berretsi dute.