NAIZ

Biarritzeko aireportuak diru publikoaren beharra du krisiari aurre egiteko

Biarritzeko aireportuan trafikoaren beherakada %65 ingurukoa izango da aurten. Galera ekonomikoak 6 milioi eurokoak dira. Kudeatzaileek laguntza eskatu diete erakundeei, lanpostuak kentzea aurreikusten duen «plan sozial bat» aurkeztu duten bitartean.

Biarritzeko aireportuaren zuzendaria, Didier Ruchet, eta sindikatu mistoko burua, Patrick Chasseriaud. (Bob EDME)
Biarritzeko aireportuaren zuzendaria, Didier Ruchet, eta sindikatu mistoko burua, Patrick Chasseriaud. (Bob EDME)

Didier Ruchet, Biarritz-Pays Basque aireportuko zuzendariak eta Patrick Chasseriaud azpiegitura hori kudeatzen duen sindikatu mistoko presidenteak ez zituzten zailtasunak ezkutatu hedabideen aurrean egin zuten azkeneko agerraldian. Ez dute espero «2024-2025 baino lehen» pandemiaren aurreko egoerara bueltatzea.

Osasun krisiak sektorea bete-betean jo aurretik, Lapurdiko aireportuaren aurreikuspenak oso bestelakoak ziren: 1,7 milioi bidaiari hartzea espero zuen 2025. urteko perspektiban.

Izan ere, covid-19aren pandemiak zapuztu egin ditu hazkunde ametsak. Aerodromo gehienek bezala Biarritzeko aireportuak aurreikuspenak beherantz berrikusi behar izan ditu.

Enpresak 1,2 milioi bidaiari garraiatzeko helburua finkatu du ondoko bost urtetara begira.

Didier Richetek uste du 2021aren erdialdean hegazkin trafikoaren erdia ahal izango dela berreskuratu. Edonola ere, horrek kasurik onenean 650.000-700.000 bidaiari jasotzera eramango luke.

Krisi ekonomikoa dela-eta, martxoaren 23az geroztik hainbat behargin langabezia partzialean daude -ABEEE antzeko sistema da- aireportuan. Orotara 70 langile finko eta 10-15 aldi baterako behargin dira. Orain, hainbat lanpostu bertan behera uzteko plana aurkeztu du aireportuak. Joan zen ostegunean aurkeztu zuen «plan soziala».

Izan ere, azpiegitura horren kudeatzaileek uko egin diote momentuz zenbat lanpostu galduko diren zehazteari.

Krisiari aurre egiteko, aireportuak bere diruzaintzatik 4 milioi euro baliatu ditu. Diru kopuru horretatik, erdia, 2,5 milioi, erakundeetatik dator.

Diru publikoaren beharra izanen dutela aurrerantzean ere oharra egin dute aireportuko arduradunek. 

Biarritzeko airepoertua publikoa da. Izan ere, enpresa pribatu baten gisara kudeatua da.

Euskal Hirigune Elkargoak (%31,25), Pirinio Atlantikoen departamenduak (%31,25), Akitania Berriako eskualdeak (%25) eta Landen departamenduak (%12,50) osatzen dute aireportua kudeatzeko ardura duen sindikatu mistoa.