NAIZ

Fantasiazko eta Beldurrezko Astea ‘Peninsula’ filmak irekiko du Victoria Eugenia Antzokian

Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko XXXI. Zinemaren Asteak ostiral honetan, urriak 30, irekiko ditu ateak. Koreako ‘Peninsula’ filmak inauguratuko du edizioa eta ‘Mandibules’ek itxiko du, azaroaren 6an. Lehiaketaren egoitza nagusiak Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharra antzokiak izango dira.

Yeon Sang-ho zuzendariaren ‘Peninsula’ lan luzeak irekiko du Beldurrezko Astea. (Donostia Kultura”
Yeon Sang-ho zuzendariaren ‘Peninsula’ lan luzeak irekiko du Beldurrezko Astea. (Donostia Kultura”

Datorren urriaren 30ean, ostirala, Koreako ‘Peninsula’ filmak (Yeon Sang-ho, 2020) hasiera emango dio Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXXI. Asteari, Victoria Eugenia Antzokian. Amaiera, berriz, ‘Mandibules’ filmak (Quentin Dupieux, 2020) emango dio azaroaren 6an, leku berean.

Bi data horien artean, fantasiazko zinemako urteko film luze eta film laburrik onenetako batzuk eta generoko hainbat obra klasiko ikusi ahal izango dira, eta hainbat jarduera egingo dira asteko programazioa osatzeko. Aurten, lehiaketaren egoitza nagusiak Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia antzokiak izango dira.

Bertan, sail ofizialeko filmak emango dira. 18 film luze izango dira, eta besteak beste ‘Benny Loves You’, ‘Come True’, ‘Méandre’, ‘Post Mortem’, ‘Tailgate’ eta ‘Psycho Goreman’ eskainiko dira. Ikusi ahal izango diren film laburrak, bestetik, 33 izango dira (13 film laburren nazioarteko sailean, 7 animazio-film laburren sailean, eta 13 Estatu espainiarreko film laburren sailean).

Generoko zinemaren historian izan diren panpinak ekartzen dituen eta aurten 6 filmez osatuta dagoen Panpin Madarikatuak zikloa bi antzokietan, Tabakaleran eta Okendo Kultur Etxean ikusi ahal izango da. Azken horretan, dagoeneko bi film eman dituzte.

Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan, omenaldia egingo zaio duela hilabete batzuk zendu zen Javier Aguirre zinemagile donostiarrari, eta haren filmik garrantzitsuenetako bat emango da: ‘El gran amor del conde Drácula’ (1972).

Asteko programazio zinematografikoa osatzeko, haur-zinemako film bat izango du beti bezala (‘Turuleka oiloa’), baita Kresala zineklubaren ohiko ekarpena ere (‘Little Joe’). Ohi bezela, beste jarduera batzuk ere txertatu dira asteko programan, eta, aurtengo edizioan, honako hauek azpimarratu dituzte astelehen honetan egin den aurkezpenean: ‘Azaro mamua’ izeneko hedapen partekatuko kanal berria, Mikel Pagadik beldurrezko zinemari buruz egingo duen bakarrizketa (‘Beldurted’); eta Fanzineen gerra klasikoaren V. edizioa.

Horrez gain, lau erakusketa egongo dira Fantasiazko eta Beldurrezko Asteko programaren barruan (‘Alegiazko izakiak’, ‘Sarima: Mundu magiko bat’, ‘Fernando Mircala: Etorkizun dotorea’ eta ‘Betiereko Juan Gimenez’).

Sarrera salmenta on line egingo da www.donostiakultura.eus atarian. Bihar, asteartearekin, 11.30etik aurrera. Ostiraletik aurrera, berriz, bi antzokietako leihatiletan ere jarriko dira salgai.