NAIZ

«Gabonak salbatzea» helburu, Italia 18.00etan itxita gaurtik, hilabete baterako

Gabonetarako ospakizunak ahalbidetu nahian, Italiak gaurtik neurri zorrotzak abiatu ditu jatetxe, zinema, gimnasio edota igerilekuetan. 18.00etan itxiaraziko ditu azaroaren 24a arte eta honekin abendurako egoera askoz hobea izan daitekeela espero du Conte lehen ministroak.

Erromako tabernak, 18.00ak arte bakarrik. (Vincenzo PINTO | AFP)
Erromako tabernak, 18.00ak arte bakarrik. (Vincenzo PINTO | AFP)

Gaur astelenetik eta azaroaren 24a arte, Italian 18.00etan itxi beharko dira taberna, jatetxe, antzerki, zinema edota igerilekuetako ateak. Gobernuak hala agindu du, helburu honekin: Gabonetan egoera hobea izatea, edo konfinamenduari izkin egitea behintzat.

Giuseppe Conte lehen ministroak adierazi duenez: «Azaroan zehar guztiok arau hauek errespetatzen baditugu, kutsatze kopuruaren hazkundea kontrolatu eta Gabon aldiari begira lasaiago egon gaitezke».

Astelehen honetan Ministro Kontseilua bilduko da eta asteazkenean sindikatuekin bilera egingo du Contek, murrizketa berriek kaltetzen dituen sektoreei zein motako laguntza emango zaien aztertzeko.

Milanon edo Torinon manifestazioak deitu dituzte gaur enpresario eta autonomoek, eragiten zaien kalteaz ohartarazteko.

Ekonomia ministro den Roberto Gualtierik onartu du hau eta dirulaguntzak udaberrikoak baino handiagoak izango direla orain ziurtatu du. Bere datuen arabera, 350.000 enpresek diru galerak izango dituzte dekretu honen ondorioz.

Estatu espainolean edota frantsesean agindutakoa ez da ordea Italian garatu: etxean gordetzeko ordurik ez du ezarri Italiako Gobernuak. Roma barne hartzen duen Lacioko gobernuak bere kabuz erabaki du, jende pilaketak gerta daitezkeen tokietan 21.00etarako husteko agindua emanez. Gauza bera gertatu da Sizilian eta Lonbardian, esaterako.

Tabernak irekita egongo diren orduetan (18.00ak arte beraz) mahai berean lau lagun egon ahal izango dira, gehiago ez, elkarrekin bizi direnekin salbu.

Beste zenbait detailetan malguago jokatu du Italiako Gobernuak, kalteak arintzeko asmoz: Honela etxeetara edozein ordutan eraman ahal izango dira janariak edota edariak, 24 orduetan aukera egongo da.

Hezkuntzari dagokionez, 14 urte baino gehiago dituzten ikasleek etxetik ikas dezaten prestakuntza azkartu da. Helburua, dekretuak zehaztua, zera da: adin horietako lau ikasleetatik ikasgeletan bat bakarra egotea, eta gainerako hiruak etxean.