naiz

Mugimenduen murrizketa eta etxeratze-agindua, covid-19aren aurkako neurri ohikoenak Europan

Europako hiri handiek eta koronabirusak gehien eragiten dien eskualdeek mugimendu murrizketak gogortu dituzte, gauez batez ere, pandemiaren hedapenari aurre egiteko, osasun sistemak gero eta gehiago ahultzen ari diren bitartean.

Jendea covid-19aren froga egiten, Bruselako Zaventem aireportuan. (Erik LALMAND)
Jendea covid-19aren froga egiten, Bruselako Zaventem aireportuan. (Erik LALMAND)

Europako herrialde desberdinetako agintariek covid-19aren hedapen bortitzari aurre egiteko neurriak gogortu dituzte. Bakoitzak bere berezitasunekin, baina gehienek herritarren mugimenduak murriztearen alde egin dute, hala etxeratze-aginduaren bitartez, nola konfinamendu perimetrala ezarriz.

Italia

Italian, gaurtik azaroaren 24ra arte, taberna eta jatetxeek 18.00etan itxi beharko dute. Mahai bakoitzean gehienez ere lau pertsona elkartu daitezke, ez badira familiakoak. Positiboen kurba geldiarazteko eta Eguberriak ahal den moduan salbatzeko Gobernua egiten ari den ahaleginen baitan kokatzen dira neurri hauek.

Estatu mailako etxeratze-agindua ezartzea saihestu bada ere, 21.00etatik aurrera aglomerazioak egon daitezkeen eremuak ixteko ahalmena dute eskualdeek.

Gimnasioak, igerilekuak eta bainuetxeak ixtea aurreikusten da, baita kultur, gizarte eta josteta zentroak eta bingo aretoak eta kasinoak ere; haurrentzako jolas parkeak eta lorategiak zabalik daude.

Estatu espainiarra

Pedro Sanchezen Gobernuak igandean iragarri zuen alarma-egoera berrezarri eta neurriak gogortuko zituela. 23.00etatik 06.00ak arteko etxeratze-agindua ezarri zuen, erkidego bakoitzak ordubete luzatu edo murriztu dezakeena, eta jada erkidego ugarik erabaki dute, beraien kabuz, konfinamendu perimetrala ezartzea; hau da, ezin da herritarrik sartu edo atera justifikatutako arrazoia izan ezean.

Gobernu Kontseiluak astelehenean bertan onartu duenaren arabera, azaroaren 7ko 00.00ak arte, «Errioxako Autonomia Erkidego osoan pertsonen sarrera eta irteera librea mugatu da, behar bezala justifikatutako joan-etorriak izan ezik».

Granada hiriburuko eremu metropolitanoan ere martxan da neurria, eta Aragoik ere astelehenean jakinarazi du egun bereko gauerditik aurrera erkidego osoko sarrera eta irteerak mugatuko dituela.

Astelehen arratsaldean, covid-19aren krisi-batzordean, Asturiasek konfinamendu perimetrala planteatuko du, joan den ostiralean autonomia horretako hiru hiri nagusietaran neurri hori ezarri ostean: Oviedo, Gijon eta Aviles.

Alemania

Koronabirusak geroz eta pertsona gehiago kutsatzen duela ikusita –8.685 kasu azken 24 orduetan–, Angela Merkel kantziler alemaniarrak igandean ohartarazi zuen datozen hilabeteak gogorrak izango direla Alemanian.

«Horrela ezin du jarraitu», esan zuen, eta ohartarazi zuen otsailera arte tamaina handiko ekitaldiei uko egin beharko zaiela.

Txekiar Errepublika

Txekiar Errepublikak 7.301 kutsatze erregistratu ditu azken 24 orduetan, errekor berri bat. Ospitaleen gaitasuna «mugara iristen ari da», astelehen honetan Osasun Ministerioak ohartarazi duenez.

Ministerioaren aurreikuspenen arabera, Txekiar Errepublikak pandemiaren unerik kritikoenari egingo dio aurre azaroaren bigarren erdian.

Egoera hobetzeko ahaleginean, Gobernuak erabaki zuen, hilaren 22tik aurrera, herrialderako sarrerak mugatzea. Hala, Estatu «gorrietatik» –positibo tasa altuak dituztenak– doazen bidaiariek justifikatutako arrazoiak beharko dituzte Txekiara sartzeko, baita PCR frogan negatibo ematea ere.

Estatu frantsesa

Estatu frantsesean 100.000 pertsona inguru kutsatzen dira egunean. Jean-François Delfraissy Zientzia Batzordeko presidenteak esan du: «Oso egoera zailean gaude, egoera kritikoa da», eta baietsi du olatuak Europa osoa hartzen duela.

Konfinamendua ezartzeko beharrari buruz galdetuta, adierazi du bi aukera daudela gaur egungo egoeran: lehenengoa etxeratze-agindu zurrunago bat ezartzea izango litzateke, hau da, ordu gehiagoko gaueko itxiera, eremu geografiko zabalago batean. Orain arte, herritarren bi herenei aplikatzen zaie, 21.00etatik 06.00etara.

Gobernuak aste honetan ebaluatu behar du etxeratze-aginduak duen eragina, eta aurreratu du neurri hau doitzen badu gogortzeko izango dela.

Bigarren aukera, berriz, konfinamendu orokor bat litzateke, lehen olatukoa baino arinagoa, lanean jarraitu ahal izateko, baina telelana lehenetsiz eta eskola jarduerari eutsiz.

Erresuma Batua

Erresuma Batuak, igandean, 19.790 kutsatze berri eta 151 heriotza izan zituen. Herrialdeko zenbait eskualdetan neurri murriztaileak ezarri ziren pandemia kontrolatzeko.

Azken datuek erakusten dutenez, koronabirusagatik ospitaleratutako pertsonen kopurua gora doa Ingalaterrako iparraldean, non zenbait eremu —hala nola Liverpool eta Manchester— murrizketen mende dauden. Janaria saltzen ez duten taberna edo pubak itxi dituzte, etxe berean bizi ez diren pertsonen arteko bilerak debekatu, eta kasinoak, bingo-aretoak eta aisialdiko beste leku batzuk itxi.

Belgika

Bruselak eta Valoniak (herrialdearen hegoaldeko eskualdea) 22.00etatik 6.00etara arteko etxeratze-agindua ezarri dute, Flandriakoa (iparraldeko eskualdea) baino estuagoa, gauerditik 6.00ak arte irauten duena. Bi eskualde horiek astelehenean iragarri dute Bigarren Hezkuntza asteazken, ostegun eta ostiraletan modu ez presentzialean egiteko plana, aldi baterako bada ere.

Gainera, herrialderako sarrerak kontrolatzen ari da, bidaiariei PCR frogak eginez.

Portugal

Portugalgo Legebiltzarrean onartutako arauak markatzen du, gutxienez hiru hilabetez kalean maskararen erabilera derrigorrezkoa izango dela. Ostiralean onartu zen, baina oraindik ez da indarrean jarri. Debekatuta dago, baita, leku itxi edo airel librean bost pertsona baino gehiago elkartzea.

Eslovenia

Esloveniak beste urrats bat eman du herritarren mugimendurako murrizketetan, astelehen honetatik aurrera bizilekuko udalerritik ateratzea debekatu baitu, larrialdietan edo lan arrazoiengatik izan ezik.

Joan den astetik, gaueko 21.00etatik 06.00etarako gaueko etenaldia dago indarrean, eta herrialdeko hamabi probintzien arteko bidaiak debekatu egin dira, lan arrazoiengatik edo ohiz kanpoko kasuetan izan ezik. Larunbataz geroztik, funtsezkoak ez diren denda eta zerbitzu guztiak itxi dira, eta, beraz, supermerkatuak, farmaziak eta denda tekniko batzuk bakarrik daude irekita. Astelehenetik aurrera, ikastetxeak ere itxita egongo dira, unibertsitateak barne.