ANDONI ARABAOLAZA

Heldu den neguan, «lehia» izango da berriro K2 mendian

Bi espedizio saiatuko dira urtaro horretan munduko bigarren mendi garaiena lehen aldiz igotzen. Sergi Mingote katalana talde baten liderra izango da; bestean, aldiz, Ali Sadpara eta John Snorri protagonistak dira.

Pandemiaren albo kalteek eragozten ez badute, bi hilabete barru K2 edo Chogori mendiak (8.611 m) bi bisita jasoko ditu. Bien helburua, jakina, munduko bigarren mendi garaiena neguan lehen aldiz igotzea izango da. Izaera ezberdineko bi taldek jardungo dute. Batek xehetasun guztiak eman ditu; bestea, berriz, osatzeko prozesuan dago.

Asmo horien berri lehena ematen Seven Summit Treks agentzia nepaldarraren taldea izan da. Nolabait esateko, izaera berezia du. Espedizio komertzial batekin lotura handia du; izan ere, talde hori 15 mendiko langilek zein alpinista xerpak eta nazioarteko 10 mendizalek osatzen dute. Jaso dugun informazioaren arabera, gainera, egitasmo horrek bi buru izango ditu. Antolakuntza eta logistika lanen ardura Chhang Dawa Xerparena izango da. Horrez gain, 15 xerpak koordinatu eta zuzenduko ditu.

Baina K2 mendiaren magaletan egin beharreko lanen lidertza Sergi Mingotek izango du. Hein batean, bederen, katalanaren agerraldia ezustekoa da. Berez, “14x1000, Catalonia Project” xedean buru belarri behar zuen egon. Hamalau zortzimilakoak mila egunen buruan eta oxigeno artifiziala erabili gabe igo nahi zituen, baina covid-19ak proiektu hori bertan behera uztera behartu du.

Mingotek zortzimilakoen neguko jardueretan ez du eskarmenturik, baina, aurreratu duenez, Chogori urtaro horretan igotzeko asmoa aurkeztu ziotenean ezin izan zion uko egin: «Egitasmo hori ez nuen buruan, baina pandemiak gauza asko birplanteatzera eraman nau. Oso harreman ona dut agentzia nepaldarraren buruekin, eta proposamena egin zidatenean esan nien talde on bat eta proiektu serio bat izan behar zela. Jakina, lan txukun bat egiteko».

Arestian aipatu dugu talde horrek 15 langile eta alpinista xerpa izango dituela. Nazioarteko mendizaleen ezaugarriei dagokienez, aurreratu dezakegu kopurua handia dela, baina, haien curriculuma irakurrita, izaera horretako jardueretan ez dute batere eskarmenturik.

Mingotek berak honakoa gehitu du: «Oro har, talde heterogeneo bat osatzen dugu. Baina niri benetan arduratzen nauena da mendian egin behar den lana. Talde indartsua da. Nik, berriz, ez dut gidari baten ardura. Seven Summit Treks agentziaren egituretan nago, baina nire betebeharra nazioarteko mendizaleak koordinatzea izango da. Hots, lider baten ardura hartuko dut».

Katalanaren aginduetara egongo direnen artean, Juan Pablo Mohr txiletarra eta Atanas Skatov bulgariarrak dira zortzimilakoetan eskarmentu gehien dutenak. Baina neguan, batere ez. Ondobidean, espedizio hori abenduaren 20an Islamabad-era helduko da. Mingotek baieztatu duenez, kanpaleku nagusia neguaren lehenbiziko egunetan antolatuko dute. Eta menditik, berriz, heldu den urteko otsailaren 28an irtengo dira. Horrek esan nahi du Denis Urubkok aldarrikatzen duen egutegiari jaramon egingo diotela. Alpinista errusiar-poloniarrak data horiek proposatzen ditu neguko benetako jarduera bat izateko.

Estiloari zein estrategiari dagokienez, alpinista katalanak argi du ahalik eta eraginkorrena izaten jardungo duela: «Aukera nimiñoenak edukitzeko, argi dago espedizio tradizional baten modura lan egin beharko dugula. Estilo alpinoa baztertzen dut; ez, ordea, azkar jardutea. Bestalde, hainbat xerpak eta nire taldeko alpinistak oxigeno artifiziala erabiliko dute. Nik, ordea, ez».

Irakurtzen den bezala, kopuruan talde sendoa aurkeztu du Seven Summit Treks agentziak. Eta kopurua diogu, zortzimilako bat neguan (batez ere K2 mendia) igotzeko nazioarteko alpinista horien eskarmentua eskasa delako oso. Bederen, haien alboan izango diren mendiko langileen eta alpinista xerpen bermea oso garrantzitsua da.

Bestea, osatzeke dago

Beste espedizioaren inguruko informazioa oraindik oso urria da. Dakiguna da Ali Sadpara alpinista eta gida pakistandarra talde horren protagonista nagusia dela. Goi mailako alpinista honek historia egin zuen Alex Txikonekin eta Simone Mororekin Nanga Parbat neguan lehen aldiz igo zuenean.

Sadpararekin batera John Snorri izango da. Islandiarra, iaz, K2 neguan igotzen saiatu zen, baina soilik 6.600 metroko kotara iritsi zen. Berri-emaile batzuek diote, talde horretara bi alpinista gehitu daitezkeela: Tamara Lunger eta Tomaz Rotar. Italiarra eta esloveniarra, berez, Seven Summit Treks agentziak antolatutako taldean zeuden, baina azken orduan zerrenda horretatik atera dira.