NAIZ

Manuel Valls: «Euskara eta katalana separatismoari lotuta daude»

Frantziar Estatuko lehen ministro ohiak, Manuel Valls katalanak, adierazi zuenez, Hezkuntza ministroa izanez gero, hizkuntza minoritarioak ez lirateke eskoletan erabiliko. Euskarari eta katalanari dagokienez, «separatismoa eta batasun errepublikanoaren suntsiketa» sustatzen dituztela uste du Vallsek. Espainiar Estatuan «haustura» bultzatzen dutela gaineratu zuen.

Manuel Valls eta Emmanuel Macron, lehen ministroa eta ekonomiaren ministroa zirenean. (Patrick KOVARIK/AFP)
Manuel Valls eta Emmanuel Macron, lehen ministroa eta ekonomiaren ministroa zirenean. (Patrick KOVARIK/AFP)

Frantziar Estatuko lehen ministro ohiak eta egungo Bartzelonako Udaleko zinegotziak, Manuel Valls-ek, joan den astean adierazi zuen TV5 Monde kanalerako elkarrizketa batean «eskualdeetako hizkuntzek», hala nola euskarak eta katalanak, «separatismoa» eta «unitate errepublikanoa suntsitzea» sustatzen dituztela.

Frantziar Hezkuntza ministro izatera iritsiz gero, bretoierazko, euskarako, korsikerazko edo katalanezko irakaskuntza egiten den lurraldeetan onartuko ote zuen galdetu zion kazetariak Vallsi, eta honela erantzun zuen: «Ez, Errepublika batasuna da eta hizkuntza bat da, frantsesa». Lehen ministro ohiak «hizkuntza gutxituak» mantendu egin behar direla pentsatzen badu ere, uste du hezkuntza-eremutik kanpo utzi behar direla.

Euskarari eta katalanari buruz, Valls-ek adierazi zuen hizkuntza horiek «separatismoari eta batasun errepublikanoaren suntsipenari lotuak» direla. «Espainian, katalanak eta euskarak, batzuetan, erabilera sektarioa eta bazterketakoa dute, eta independentisten eta ez-independentisten arteko haustura sustatzen dute», esan zuen Vallsek, eta gehitu zuen berak ere katalanez hitz egiten duela emaztearekin, amarekin eta lagun askorekin.

Estatu frantsesera itzultzea?

Gaur egun, Manuel Valls zinegotzia da Bartzelonako Udalean, eta Ada Colau alkate izateko laguntza nagusia izan zen 2019ko udal hauteskundeetan. Duela gutxi, espainiar eta frantziar hedabideek Valls-ek Udala utzi eta frantziar politikara itzultzeko aukera iragarri dute, Macron presidentearen eskutik.